Amankomunazgoak 820.000 euro bideratuko ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 18a, 19:29

2019ko azaroko osoko bilkuraren une bat. Gaurko bilkura online egin dute. ARTXIBOA

2020rako laguntzen eta diru-laguntzen plan estrategikoa onartu dute gaur Amankomunazgoko ordezkariek, aho batez. Milioi bat euro inguruko plana da eta horietatik 820.000 euro bideratuko dituzte Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara. Bestalde, Garaiko udalerriko ordezkarien lehen osoko bilkura izan da gaurkoa, 1998az geroztik.

Koronabirusak eragindako egoera sozioekonomikoari aurre egiteko asmoz, Amankomunazgoak 820.000 euro bideratuko ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara. Ordezkariek hala onartu dute, gaur, aho batez, modu telematikoan egindako osoko bilkuran. "Baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenen gizarteratzea" erraztea gura dute modu horretan. Kopuru horren zati bat Eusko Jaurlaritzatik iritsi dela jakinarazi du Amankomunazgoak: 286.030 euro. Dena dela, aurrerantzean baliabide propioak indartzeko nahia duela azaldu du.

Diru-laguntzen plan estrategikoak bestelako kopuru batzuk ere utziko ditu. 30.000 euro bideratuko dituzte "adimen urritasuna duten pertsonen integrazioa" sustatzera; 20.000 euro pobretutako herrialdeak laguntzen dituzten irabazi asmorik bako elkarteetara; 47.000 euro Durangaldean kirola sustatzera; 35.000 enplegua eta ekonomia sustatzera, eta, 11.000 bat euskarara, kulturara eta gizarte gaietara.

Garaitarren itzulera

Gaurko osoko bilkuran Garaiko ordezkariak egon dira. 1998an Amankomunazgoa uzteko erabakia hartu zuen Garaiko Udalak, eta garaitarren ordezkaririk ez da izan bertan azken 22 urteetan. Gaurtik aurrera ordezkari bi izango dituzte garaitarrek: Erramun Osa alkatea izango da bat (EAJ), eta Ane Etxeita (Herriko Taldea) izango da bigarrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!