"Kapitalaren kontrako akelarrea" egingo dute bihar Elorrion, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 18a, 17:34

Biharko hainbat mobilizazio antolatu ditu sindikatuek eta bestelako eragileek osatutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak. Durangon mosaiko bat egingo dute, Ezkurdi plazan. Mobilizazioek aberastasunaren banaketa orekatuago bat eta zerbitu publikoen defentsa aldarrikatzea dute helburu.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak hainbat mobilizazio deitu ditu biharko. Aberastasunaren banaketa orekatuago bat, zerbitzu eta politika publikoen defentsa eta bizitzak erdigunera eramateko aldarrikapenak egingo dituzte. Euskal Herriko hiriguneetan egingo dira mobilizazio nagusiak, baina eskualdeetan ere izango dute isla.

Durangaldean bi izango dira ekitaldi nagusiak. Durangon, mosaiko bat egingo dute. 18:30etan izango da, Ezkurdin. Behin ekitaldia bukatuta, manifestariak Barandiaran egoitzara joango dira bertako kideei txalo zaparrada bat eskaintzera. Elorrion izango da beste ekitaldia. "Kapitalaren kontrako akelarrea" deitu dute. 19:30etan irtengo dute herriko plazara.

Eskubide sozialen defentsarako zazpi puntu

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 7 ideia nagusi aldarrikatuko ditu mobilizazioetan. Hauek dira:

  1. Zerbitzu publikoen garapena
  2. Zaintza eredua eraldatzea, eta berau eredu publiko, unibertsal eta doako batera eramatea
  3. Diru-sarrerak bermatzeko oinarrizko errenta gutxieneko soldataren %100 izatea
  4. Erretiratuentzat 1.080 euroko gutxieneko pentsioa
  5. Gutxieneko soldata 1.200 euroan finkatzea eta 35 euroko gehienezko lanaldiak ipintzea
  6. Fiskalitatearen eraldaketa
  7. Administrazio-egoera irregularrean ari diren langileen erregularizazioa

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!