Amankomunazgoak Errota ostatuan "egokitu" eta "zentralizatu" ditu etxebakoentzako zerbitzuak

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 18a, 09:44
Alarma egoerak iraun bitartean, Amankomunazgoak Behargintzaren eraikinean ipini du behin-behineko aterpetxea.

Amankomunazgoak atzo EH Bilduk adierazitakoei erantzun die. Azaldu du Behargintzako behin-behineko aterpetxea "ezohiko egoera bati" erantzuteko antolatu zela, eta eskaria alarma egoera aldarrikatu aurreko mailatan egonkortu den heinean, zerbitzua Errota aterpetxe egonkorrean "zentralizatu" duela. 

Amankomunazgoak defendatu du haren gizarte zerbitzuak "banakako lana" egiten ari direla "pertsona bakoitzarekin, kasu bakoitza bideratzeko eta babes faltak saihesteko". Prozesu horretan lanean ari dela azaldu du, "arloan eskumenak dituzten gainerako administrazioen irizpideak" jarraituta. Adierazpen horiekin atzo Euskal Herria Bilduk egindako kritikei erantzun gura izan die. Koalizio subiranistak Behargintzako aterpetxea zarratzeko erabakia "informatu barik" hartu zuela leporatu zion Amankomunazgoari, eta, hainbat etxebakok kalean lo egin behar izan dutela "zerbitzua itxi eta hurrengo egunetan".

Martxo erdialdean zabaldutako aterpetxea

Alarma egoera indarrean sartzearekin batera, Amankomunazgoak etxebakoentzako behin-behineko aterpetxe bat atondu zuen Behargintza dagoen eraikinean, Gurutze Gorriarekin batera. Behin-behineko aterpetxe hori Errota aterpetxe iraunkorraren gehigarri modura ipini zuen. (Ibaizabal ikastolaren ondoko aterpetxea da Errota). Alarma egoerak iraun bitartean hainbat etxebako aterpetu ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!