Amankomunazgoak Gaueko Harrera Zerbitzua itxi eta pertsona batzuek kalean lo egin behar izan dutela salatu du EH Bilduk

Anboto 2020ko eka. 17a, 15:30

Ixteko erabakia zerbitzua erabiltzen duten pertsonei eta Mankomunitateko udalei "informatu barik" hartu da, Durangaldeko EH Bilduren esanetan.

Covid-19aren krisiaren ondorioz zabaldutako Gaueko Harrera Zerbitzu berezia itxi izanaren aurrean kezka adierazi dute. Izan ere, "pertsona batzuek kalean lo egin behar izan dute zerbitzua itxi eta hurrengo egunetan", ohar batean azaldu dutenez.

Amankomunazgoko ordezkariek eta zerbitzuan parte hartzen duten udalek "ez dute beraien eskumenekoa den zerbitzu baten aldaketen inguruko inolako informaziorik izan". Horregatik, EAJ eta Abadiñoko Independenteek osatutako gobernu taldearen jokabidea kritikatu dute. “Errefortzua egin zenean foku mediatiko guztia jarri zen, eta hori ondo dago, baina itxiera isil-isilean eta ezkutuan egin da, eta azalpenik eman gabe. Hor ere informazioa eman beharko litzateke”.

Aterpea kudeatzeko lizitazioa "hutsik"

Bestalde, aterpe moduan ezaguna den Gaueko Harrera Zerbitzuaren etorkizunagatik ere kezka azaldu du EH Bilduk. Joan zen legegintzaldian neguko zerbitzua zena urte osoko zerbitzu izatera igaro zen. Amankomunazgoaren lidergoarekin, bertako gizarte zerbitzuetako herriei zuzenduta egotetik Durangaldeko zein Lea-Artibaiko 26 herri batzen zituen zerbitzua izatera pasatu zen 2018ko otsailean, oharrak jasotzen duenez. Ildo horretatik, EH Bilduk “funtsezkotzat” jotzen du zerbitzua eta kezka azaldu du “kontratua berrizteko prozesuan inor ez dela aurkeztu jakin dugulako. Ez dakigu zein izango den orain arte egonkortuta egon den oinarrizko zerbitzu honen bilakaera”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!