Kultur ekintzekin berotuko dute normaltasun berrira egokitutako uda giroa Durangaldean

Aitziber Basauri 2020ko eka. 18a, 10:28
Argazkia: Victor Uriarte

Uda giroaren eskutik heldu ohi da jai giroa Euskal Herrira. Baita Durangaldera ere. Hala ere, koronabirusak eragindako krisiak jaiak bertan behera uztera behartu ditu hainbat udal eta jai batzorde. Behintzat orain arte ezagutu ditugun modura. Berrizen, Atxondon eta Zornotzan jaiak ez antolatzea erabaki dute, eta Otxandion gaia aztertzen dabiltza udala eta jai batzordea. Bestalde, Zaldibarko jaiak birmoldatu egingo dituztela iragarri du bertako txosna batzordeak.

Ezinbestean, normalitate berrira egokitutako uda giroa dugu aurretik, egoerari egokitutako jai giroa. Durangoko Tabira auzoan, jaietako mendi martxari eta lasterketari eustea erabaki dute. Uztailaren 11n egingo dira, "beharrezko segurtasun neurriak bermatuta". Hala ere, gainerako ekitaldiak bertan behera utzi dituzte. Izen-ematea www.kirolprobak.com atarian egin daiteke, 10 euroren truke.

Sanjoanak Iurretan eta Axpen
Axpe auzoan (Atxondo) modu birtualean ospatuko dituzte sanjoanak. Egitaraua sare sozialetan zabaldu eta auzokoak parte hartzera gonbidatu dituzte, "bakoitzak bere etxetik". Argazki eta bideoak bidaltzeko deia ere egin dute. Barikuan, 20:00etan, txopoa altxatuko dute, eta gauean berakatz-zopa eta txokolatea hartuko dituzte. Zapaturako, mus eta tortilla eta bakailao txapelketak antolatu dituzte. Eta gauean erromeria giroa sortzeko gonbidapena egin dute. Domekarako, dantza saioa eta jolasak prestatu dituzte. Sanjoan sua ere berezia izango da, ez delako elkarregaz isiotzeko aukerarik egongo.

Iurretan ere ez dute Sanjoan surik isiotuko plazan. Hala ere, herritarrei San Joan bezperako kantua abesteko gonbidapena egin diete, norberak gura duen tokian. Horrez gainera, ekainaren 20an, Iurretako plaza bertsoz beteko da, Iurreta Plazaratu ekimenak eratuta. Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi, Miren Artetxe eta Julio Soto arituko dira, Eneko Abasolo gai-jartzaile dela. Saioa 19:00etan hasiko da eta 230 lagunentzako edukia egongo da. Durangon, Otxandion eta Elorrion ere ez dute surik antolatutako. Elorrion, umeentzat arratsalde-pasa egongo da, 18:00etan, San Roken.

Kulturaz bustitako uda
Durangoko Udalak Uda kulturaz blai ekimena landu du herriko eragileekin elkarlanean, "uda kultura diziplinez betetzeko asmoz". Adin guztietarako 33 kultur ekitaldi lotu dituzte, eta bestelako 60 ekintzagaz (irteerak, tailerrak...) osatuko dute egitaraua. Udalak "kulturaren aldeko apustua" egin du COVID-19ak eragindako krisiaren harira. Udarako antolatutako ekitaldi kulturalez gain, herriko kulturgileak babesteko hainbat neurri hartuko dituztela esan dute. Horien artean aipatu dituzte lotu den 100.000 euroko diru-poltsa edota Plateruena kafe antzokirako, Zugaza zinemarako eta San Agustin kulturgunerako Kultura Bonoak.

Elorrion ere lanean dabiltza egoerari egokitutako kultur eskaintza osatzen. Uztailean hasi eta irailera bitartean, astebururo ikuskizun bi antolatzea dute erronka. Horretarako, San Rokeko berdegunean eszenatoki finko bi ipiniko dituzte. Musikak eta familientzako ikuskizunek osatutako dute egitaraua. "Euskal Herriko artista eta taldeekin osatuko da egitaraua. Kultur jarduerak babestu eta  herritarrei kultur alternatiba bat eskaintzea da helburua", udal arduradunek azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!