Durangaldeko Mankomunitateak 2.700 maskara higieniko berrerabilgarri banatu ditu adinekoen elkarteen artean

Aitziber Basauri 2020ko eka. 16a, 16:00
Durangaldeko dozena bat elkartetako ordezkariek materiala eta hori behar bezala erabiltzeko eta mantentzeko informazioa jaso dute gaur goizean.

Maskarak eta eskularruak erabiltzearen ondorioz sortu den plastikozko hondakinen handitze "kezkagarriaren" aurrean, Covid-19ren aurrean ezarritako babes-neurriak direla eta, iraunkortasun handiko 2.700 maskara higieniko berrerabilgarri banatu ditu Durangaldeko Mankomunitateak eskualdeko adinekoen elkarteen artean.

Babeserako maskarak gehienez 4 orduz erabili daitezke, eta zikintzen, hezetzen edo aurpegiaren gainean behar bezala jarri ezin diren bakoitzean, garbitu egin beharko dira. Horrela azaldu dute Mankomunitateko arduradunek. 

Gainontzekoei gaixotasunak ez kutsatzea da maskara berrerabilgarri horien funtzioa; hauts-mikropartikulak uxatzea eta infekzio-arriskuak ahalik eta gehien murriztea, zehaztu dutenez. "Ehun hipo-alergenikoz eginda daude, eta horrek larruazalarekin kontaktua izatearen ondoriozko erreakzio alergikoak saihesten ditu eta hezetasuna kanpora ateratzen duen teknologia berritzailea erabiltzen du. Pertsonaren erosotasuna errazteko diseinatuta daude, eta %100ean birzikla daitezke",gaineratu dutenez.

Honako elkarte hauetan banatu ditu maskara Mankomunitateak: San Trokaz eta San Prudentzio (Abadiño), Anbotoko Dama (Atxondo), Berrio-Otxoa eta La Esperanza (Elorrio), Goiuriko Ama (Iurreta) Ursula Donea (Mañaria), San Migel (Garai), Pasealeku (Otxandio), San Martin (Zaldibar), Erdoitza (Izurtza) eta Bizidun elkartea (Durangaldea).

Nagusien Etxeak zabaltzeko protokoloa

Bestalde, Nagusien Etxeak berriro Irekitzeko eta Berraktibatzeko Protokoloa idatzi dute Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzuan, Covid-19aren agerraldi berriak saihesteko prebentzio arauak kontutan hartuz. Osakidetzaren arauak jarraituz egin den proposamen hori Udaletara bidali da, "zentro horiek irekitzeko orduan erabakiak hartzen laguntzeko tresna gisa", azaldu dutenez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!