“Gazi-gozoa da, ez delako jaialdia egingo, baina Cannes zigilua edukitzea garrantzitsua da”

Aritz Maldonado 2020ko eka. 12a, 11:30

Maiatzaren 12tik 23ra ziren egitekoak Cannesko zine jaialdi entzutetsuaren 73. edizioa. Bertan estreinatu behar zuten Irune Gurtubaik ekoitziriko 'Limbo'.

Zelan jaso duzue izendapena?
Canneskoa erreferentziazko jaialdia da guretzat, bertan aurkezten den zinema motagaitik, eta hasieratik zen gure helburua. Esan zigutenean, egundoko poza hartu genuen. Apur bat gazi-gozoa ere bada, festibala bera ez delako egingo aurten, baina Cannes etiketa edukitzeak asko balio du, eta pelikularentzat oso baliagarria izango da. Gainera, pelikula 'estreinatu gabea' lez hartuko da, eta, horretara, udazkeneko jaialdietan ere egoteko aukera edukiko dugu.

Zelan hasi zineten proiektu honetan lanean?
Orain hiru bat urte hasiko ginen gidoia garatzen. Benek [Ben Sharrock, zuzendaria] arabiera ikasi zuen unibertsitatean, eta Sirian egon zen urtebetez. Errefuxiatuen inguruan zerbait egitea zuen buruan, eta denboragaz forma hartzen joan zen.

'Limbo'-k zein 'Pikadero'-k testuinguru sozial gogorra dute.
Horixe da guk bilatzen duguna: egiten dugun zinemagaz jendea entretenitzea gura dugu, baina pentsaraztea ere bai. Gai sakonak jorratzea gustatzen zaigu, gizartearentzat interesgarriak izan daitezkeenak. Pikaderon ere berdina zen: bikote gazte bat zen protagonista. Leku ezkutu baten bila zebiltzan elkarregaz egoteko, baina ezin zuten, krisi ekonomikoa zela eta. Hemen antzera gertatzen da. Errefuxiatuen gaia oso serioa da eta horixe lantzen da, baina umoreak ere badu bere tokia. Pikaderon erakutsi genuen antzeko umorea da.

Igarri zenuten presiorik proiektuari ekiterakoan?
Nahiko naturala izan zen dena. Geure buruari ezarritako presioa baino ez genuen. Azken finean, Pikadero ia industriatik kanpora egindako proiektua izan zen; ez genuen espektatibarik, eta ez genuen inor begira ea zer egiten ari ginen. Gure helburua Donostiako Zinemaldian sartzea zen, eta lortu genuen. Sekulakoa izan zen. Orain, Limbogaz desberdina da, industriak ere finantzatu duelako, eta alde horretatik ere lan ona egin gura duzu, dirua ipintzen duen jendea ere pozik geratzeko, baita lantalde osoa ere. Alde horretatik, presioa baino gehiago ardura sentitu dugula esango nuke.

Eskozian grabatu duzue, Uist irlan. Zelan joan zen grabazioa?
Atzera begiratzean gertatu ohi den legez, oroitzapen onak gordetzen ditugu. Lantaldeagaz, eta aktoreekin ere bai, oso gustura aritu ginen, baina momentu batzuetan nahiko gogorra izan zen. Eskozia iparraldean dago Uist, azkenengo lur zatia da itsasoan. Grabazioa azaroan izan zen eta ipar haizeak gogor jotzen zuen. Txingorra ere bota zigun eta 10-12 bat orduko grabazio egunak izaten ziren, euripean. Prestatuta joan ginen, mentalizatuta, eta neguko arropagaz, baina gogorra izan zen. Pelikulan hori ere ikustea espero dugu, hori igartzea ere gura genuen eta. Horregaitik aukeratu genuen Uist.

Aktore profesionalekin eta errefuxiatuekin lan egin duzue.
Guretzat oso garrantzitsua zen errefuxiatuekin lan egitea. Hasieratik lan egin dugu Eskozian bizi diren hainbat errefuxiatu siriarregaz. Lau protagonista nagusiak aktoreak dira; gaztetan Erresuma Batura bizitzera joandako aktoreak dira. Ez dira errefuxiatuak, baina 10-12 bat urtegaz beste herrialde batera joan behar izan zuten eurek ere. Agertzen diren gainerako errefuxiatuak benetakoak dira, egun Eskozian bizi direnak.

Zein ibilbide izango du 'Limbo'-k hemendik aurrera?
Oraingoz, ez dakigu seguru. Ea koronabirusak ez duen eraginik udazkeneko festibaletan. Gure itxaropena Donostiako Zinemaldian eta Torontoko TIFF jaialdian egotea da.

Baduzue beste proiekturik esku artean?
Egia esateko, ez. Koronabirusaren kontu guztiak Limboren azken kontu batzuk prestatzen harrapatu gintuen, eta horrek dena mantsotu du. Orain gutxira arte horregaz ibili gara. Baditugu ideia batzuk, eta horiek lantzen gabiltza, baina ez dugu hautatu zein izango den hurrengo pelikula. Horretan gabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!