Durangaldean ez da koronabirus kasu berririk atzeman, eta Basurtun bost berri detektatu dituzte

Anboto 2020ko eka. 10a, 11:40

Gaur eguerdiko prentsaurrekoan, Nekane Murga osasun arloko sailburuak adierazi du bai Basurtoko eta bai Txagorritxuko ospitaleetako fokuak "laster" detektatu direla eta, horri esker, "profesionalen eta pazienteen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak" hartu ahal izan direla.

Birusaren biderkatze indizeak (R0 deiturikoak) gora egin du berriro Euskal Autonomia Erkidegoan. Herenegun 1,19 balioan zegoen, atzo 1,59an, eta gaur 1,9 baliora igo da.

R0 balioa 1 zenbakitik behera badago, birusaren biderkatze joera gutxitzen ari dela esan gura du. 1 balioaren gainetik badago, aldiz, birusa biderkatzen ari den seinale izan daiteke. 

Bilboko Basurtuko ospitalean 423 PCR test egin dituzte. Atzo bost lagunek eman zuten positibo. Horrela, gaur egun 25 dira baieztatutako positiboak (9 profesional eta 12 paziente eta 4 bisitari). Horrez gainera, positibo emandakoetako bat, lehendik patologiak zituena, hil egin da, Osasun Saileko datuen arabera.

Gasteizko Txagorritxuko ospitalean lau positibo daude baieztatuta. Atzo ez zen kasu berririk atzeman. 117 PCR test egin dizkiete pazienteei, profesionalei eta kontaktuan egondakoei. Bi pazientek, profesional batek eta bisitari batek positibo eman dute.

Durangaldean, berdin

Azken orduetan ez da koronabirus kasu berririk baieztatu Durangaldean. Atzo 4.737 test inguru egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. PCR testen bidez atzemandako kasu berriak 19 izan ziren. Test azkarren bidez baieztatutakoak, berriz, 67. EAEn hildakoak 1.580 dira guztira (+3). Gainera, 18 pertsonak ZIUn jarraitzen dute. Azken datuak gauerdikoak dira. Baieztatutako positiboak 465 dira, baina gehiago egon litezke. Izan ere ezjakina da koronabirusa izan eta baieztatu barik dauden herritarren kopurua, ez baitzaizkie herritar denei probak egiten. Datuak, herrika:

  • Durango: 197
  • Zornotza: 154  
  • Elorrio: 28
  • Abadiño: 28
  • Iurreta: 14
  • Zaldibar: 13
  • Otxandio: 9
  • Atxondo: 
  • Berriz: 7
  • Mallabia: 4
  • Mañaria: 3
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!