Durangaldean kasu positiborik baieztatu ez den arren, birusaren biderkatze indizea hazi egin da Erkidegoan

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 8a, 13:01

R0 indizeak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Birusaren birsorkuntza tasa zein den adierazten du indize horrek. Osasun Sailaren arabera 1,19 balioan dago  koronabirusaren birsorkuntza tasa, biderkatzeko joera hartuta.

Birusaren birsorkuntza tasa zein den adierazten du R0 deituriko indizeak. Balioa 1 zenbakitik behera badago, birusaren biderkatze joera gutxitzen ari dela esan gura du. 1 balioaren gainetik badago, aldiz, birusa biderkatzen ari den seinale izan daiteke. Osasun Sailaren arabera 1,19 balioan dago indizea.

Litekeena da indizearen gorakada hori azken orduetan Gasteizko Txagorritxuko ospitalean eta Bilboko Basurtuko ospitalean emandako berragerpenekin lotuta egotea. Txagorritxuko ospitaleko paziente batek positibo eman zuen atzo, nahiz eta ez zegoen han koronabirusagatik ingresatuta. Harekin kontaktua izan duten 75 bat laguni PCR testak egin eta 4 bat positibo baieztatu dira. 

Antzerako zerbakit gertatu da Basurtuko ospitalean. Negatibo ospitaleratu zituzten pazienteen artean koronabirusean bi positibo baieztatu dituzte. 80 pertsonari baino gehiagori egin dizkiete PCR azterketak, eta 10 positibo baieztatu dituzte. Profesional bi eta zortzi paziente.

Durangaldean, berrikuntzarik ez

Azken orduetan ez da koronabirus kasu berririk baieztatu Durangaldean. Atzo 1.103 test inguru egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. PCR testen bidez atzemandako kasuak 8 izan ziren. Test azkarren bidez baieztatutakoak, berriz, 3. EAEn hildakoak 1.574 dira guztira (+1). Azken datuak gauerdikoak dira. Baieztatutako positiboak 465 dira, baina gehiago egon litezke. Izan ere ezjakina da koronabirusa izan eta baieztatu barik dauden herritarren kopurua, ez baitzaizkie herritar denei probak egiten. Datuak, herrika:

  • Durango: 197
  • Zornotza: 154  
  • Elorrio: 28
  • Abadiño: 28
  • Iurreta: 14
  • Zaldibar: 13
  • Otxandio: 9
  • Atxondo: 
  • Berriz: 7
  • Mallabia: 4
  • Mañaria: 3
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!