Plazak aldarriz betetzeko aukera izango da domekan, Durangon, Elorrion eta Abadiñon

Anboto 2020ko eka. 7a, 10:48

Hamaika Gara mugimenduaren agerraldia.

Hamaika Gara mugimenduak deitutako ekimena Gure Eskuren bitartez gauzatuko da herrietan.

Gure Esku dinamikatik jaio zen Hamaika Gara mugimendua, eta gaur egun 24 eragilek osatzen dute. Martxo hasieran, etorkizun politikoa erreferendum bitartez erabakitzearen aldeko sinadura bilketa bat abiatu zuten, baina osasun krisia dela-eta ekimen hori ezingo dute orain gauzatu.

Hala ere, gaur egungo egoerak gizartearen "ahuleziak muturrera" eraman dituela iritzita, ondorio horiei "Euskal Herritik eta denon artean" erantzuteko une aproposa dela uste dute, eta deialdia egin dute domeka honetarako. Euren aldarrikapenak kartoietan idatzi eta domekan plazetara eramateko eskatu diete herritarrei. Durangaldeari dagokionez, Durangon, Abadiñon eta Elorrion gauzatuko dute ekimena, Gure Esku dinamiken bitartez. Hiru herrietan 12:00etan ipini dute ordua. Durangon, Pinondo plazan batuko dira; Elorrion, Herriko Plazan; eta Abadiñon, Zelaietako Txanporta Plazan.

Gura dutenek euren aldarriak idatzita eraman ditzakete. Aldarriak bertan idazteko aukera ere eskainiko dute. Batutako aldarri guztiekin argazki bat aterako dute. Ezarrita dauden segurtasun neurriak errespetatuz gauzatuko dute ekimena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!