“Ideia bategaz hasten banaiz ere, duduak izaera propioa hartzen du”

Anboto 2020ko eka. 7a, 08:00

'Mundubatdu2du' izenagaz, Ainara Ibañezek (Iruñea, 1981) duduak edo panpinak sortu eta saltzen ditu. Txiki-kong, Moriarti, Kamelot, Karakolof, Txiolin, Ulu, Kersus, Tripitaka... Ibañezek sortutako duduak dira. Urteetan Durangon bizi den iruñarrak inoiz azokaren batean salmahai bat ipintzeko ametsa du. Bitartean, mundubatdu2du@gmail.com helbidera idatzita egin daitezke eskaerak.

Zelan sortu zen zure eta duduen arteko hartu-emana?
Gure amodio istorioa Erroman (Italia) hasi zen. Han oporretan geundela, artisautza azoka bat bisitatu genuen eta eskuz egindako forma eta kolore guztietako oihalezko katu polit-politak topatu genituen. Txundituta geratu nintzen panpinekin! Hiru erosi eta neuk ere egitea pentsatu nuen. Pizzikatu izan zen eskuz josi nuen lehenengo dudua. Nire zaletasun berria ikusita, familiak josteko makina oparitu zidan. Horrela jaio zen Mundubatdu2du.

Nondik ateratzen duzu inspirazioa?
Lankide batek panpinak egiteko patroien liburu bat, Les doudous, utzi zidan, eta han oinarrituta sortu nituen lehenengo duduak. Euskaraz frantseseko doudou berbaren baliokiderik (umeentzako panpin goxoak) ez genuela ikusita, hala izendatzea erabaki nuen. Orain, Interneten topatzen ditut gorputzen patroiak, edo nik diseinatzen ditut. Hortik aurrera, irudimenari ateak zabaldu eta probak egiten ditut oihal zatiekin efektu desberdinak lortzeko: begirada okerra, irribarre maltzurra, beso laburrak, belarri luzeak… Ideia bategaz hasten banaiz ere, duduak izaera propioa hartzen du. Amaitu arte ez dut jakiten zelakoa izango den laguntxo berria.

Duduekin patata tortilla edo maskarak egiteko tutorialak sortu dituzu, sare sozialetan zabaltzeko...
Duduak bidaiatzera ohituta daude. Egindako bidaia bakoitzean dudu bat izaten dut lagun. Itxialdian kalera irteteko aurkerarik izan ez dutenez, bestelako jarduerak egin dituzte: magia-trukoak, marrazki-erakusketak, maskarak egiteko tutoriala… Bakoitzak bere zaletasun eta dohainak ditu eta sare sozialen bitartez erakusten ditut, sortutako bideoetan. Apurka-apurka sare sozialak konkistatzen ari dira: Facebook, Instagram eta Youtuben presente daude. Sare sozialak asko gustatzen bazaizkie ere, asko falta zaie benetako influencer bihurtzeko.

Umeek bakarrik ez, helduek ere atsegin dituzte duduak.
Umeekin oso ondo konpontzen dira, eta lagun eta erosle batzuek umeentzat eskatzen dizkidate. Baina askok aitortzen ez badute ere, badakit horrelako panpinak helduoi ere asko gustatzen zaizkigula eta umeei oparitzeko aitzakiagaz eramaten dituztela etxera (barrez).

Desagertu izan dira inoiz...
Hainbat sortu nituen Mikeldi taberna apaintzeko, bertako lagunek eskatuta. Han daude bezeroei ongi etorria ematen; eskura eta libre daude, eurekin jolasteko. Bihozgaberen batek Satantxo eta Koxk bahitu zituen. Dauden tokian daudela, ondo zainduko dituztela espero dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!