Eskualdeko laneratzea hobetzeko hiru proiektua bultzatuko ditu Durangaldeko Behargintzak

Aitziber Basauri 2020ko eka. 2a, 11:47

Azaroan egin zen Alkarregaz Eraikiz jardunaldiaren irudi bat

Enplegu eragileen arteko koordinazio mahaia jarriko da martxan, azaroan egin zen Alkarregaz Eraikiz jardunaldiari jarraipena emanez. Prestakuntzagaz erlazionatutako gaiak lantzeko foroa izango da eta ekintzailetzarako aukerak aztertuko dituzte. Bestalde, ekintzaileei beraien proiektua Durangaldean martxan jartzen lagunduko dien Ekintzailetzarako Gida argitaratuko da.

Azaroan, Durangaldean prestakuntzagaz eta enpleguagaz erlazionatuta dauden berrogeita hamar eragile eta erakunde inguruk parte hartu zuten Mankomunitateko Garapenerako Eskualdeko Agentziak –Durangaldeko Behargintzak antolatu zuen Alkarregaz Eraikiz jardunaldian. Helburua honako hau zen: egoeraren diagnostikoa egitea eta eskualdeko laneratzea hobetzeko aukera emango duten lanerako ildo posibleak definitzea. Jardunaldi hori, eskualdeko eragileen arteko topaketa eta lankidetza gunea sortzeko lehenengo pausoa izan zen.

Horri jarraipena emanez, eta egindako lehenengo diagnostikoagaz bat etorrita, koordinatutako hiru ekimen abiatuko dira aste honetan. Batetik, Enplegurako eta Prestakuntzarako Foroa sortuko da. Koordinaziorako eta lankidetzarako mahai horrek, alde batetik, enplegurako eragileekin lan egingo du, eskualdeko enpresek eskatzen dituzten profilak ezagutzeko. Bestetik, prestakuntzaren arloan lan egiten duten eragileekin, inguruko enpresen premia horiei erantzuteko dagoen gaitasuna aztertuko da. Helburua, Durangaldeko Mankomunitateko arduradune azaldu  dutenez, "helburua, enpresen beharrei buruzko diagnostiko zorrotza egitea eta prestakuntza arloko eragileek eskakizun horiek egituratzeko duten modua aztertzea da, pertsonek lana aurkitzeko dituzten aukerak eta Durangaldeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko".

Enplegurako mahaia osatuko dute, besteak beste, Lanbidek, enpleguaren alorrean lan egiten duten zenbait fundazio eta elkartek, Zabaltzen-Sartuk, Adecco Fundazioak, Durangaldeko Enpresen Elkarteak, eta Bizitzen Fundazioak. Era berean, eskualdeko enpresak elkartuko ditu. Prestakuntza mahaia, eskualdean lanbide heziketa arautua eta enplegurako prestakuntza ematen duten eragileek osatuko dute, batez ere.

Ekintzailetzarako Gida

Hirugarren proiektua izango da Ekintzailetzarako Gida diseinatzea. Durangaldean Mankomunitateko arduradunek argitu dutenez, "ekintzailetzarako etorkizun onena erakusten duten negozio aukeren prospekzioa egingo da, eta hazkunderako potentzial handiena erakusten duten sektoreak proposatuko dituen joeren azterlana egin ondoren, Ekintzailetzarako Gida diseinatuko da". Ekintzaileei euren proiektua martxan jartzeko prozesuan laguntzea izango da helburua.

Eskuliburu horrek ekintzaileen prozesua bideratzea bilatzen du. Horregatik fase guztiak igaroko ditu. Era berean, negozio berriak sortzeko eta martxan jartzeko prozesua errazten duten tresnen azken joerak bilduko ditu, modu bisualean.

Urte amaieran elkartuko da berriro Alkarregaz Eraikiz, Durangaldeko Mankomunitateko arduradunek aurreikusi duenez. "Bertan bi foroak elkartuko dira, eta elkarrekin arituko dira, lan saioetako ondorioen eta azterketen inguruan, sinergiak eta etorkizunerako lan ildo berriak sortzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!