“Giharrak osasuntsu matentzea onuragarria da gorputzerako”

Joseba Derteano 2020ko mai. 23a, 10:30

Luzaroan geldirik egotea ez da ona giharretarako, eta arazoa larriagoa bihurtu daiteke adinekoen kasuan. Jarduera fisikoan eta kiroletan lizentziatua den Iker Lopezek ondo daki hori. Itxialdiaren aurretik, giharren egoerak osasunean izan dezakeen eragina ikertzen zebilen zahar etxeetako hainbat boluntariogaz. Zoritxarrez, berak eta bere lantaldeak ikerketa bertan behera utzi behar izan zuten koronabirusa heldu zenean.

Zein zen ikerketaren helburua?
Azkenengo urteetako ikerketek erakusten dute giharren eta osasunaren artean erlazio handia dagoela. Gure esperientziatik abiatuta, arlo horretan ekarpen handia egin genezakeela ikusten genuen, batez ere biomekanikaren aldetik, hau da, giharrak lantzearen ikuspegitik. Azken batean, giharrek gorputzeko organismoko sistema guztiei ematen die babesa, eta ikusten da giharrak osasuntsu mantentzea onuragarria dela gorputzerako. Eremu horretan sakondu gura genuen ikerketa eginda.

Adineko jendearengan zentratu zenuten ikerketa.
Bai. Urteetan aurrera egin ahala, giharrak gaitasuna galtzen du, eta, berez, landuz gero galtzen ez den ehun bakarra izan daiteke, neurri bateraino. Baina, orokorrean, argi dago gorputzean ematen diren prozesuek gihar-zuntzen gaitasuna galtzea dakartela adinagaz. Horri sarkopenia deitzen zaio eta gaixotasun mota askogaz lotuta dago. Adinagaz zuntzik arinenak galtzen dira gehienbat eta horiek lotura zuzena dute osasunagaz. Beraz, zuntz mota horiek estimulatzea eta aktibatzea ezinbestekoa dela ikusten genuen, osasunean eragiten dutelako. 

Zelan estimulatzen dira zuntz mota horiek?
Zuntz arinak aktibatzeak intentsitate handiko ariketak eskatzen ditu. Jakina, pertsona nagusiekin intentsitate maila handia lortzea gatx da. Beraz, kontua hauxe da: zelan estimulatu giharrak ahalik eta gehien, baina lesiorik eragin barik eta segurtasun marko baten barruan mantenduta.

Luzaroan geldirik egoteak eragin handiagoa du adinekoen kasuan?
Ariketa fisiko maila asko murriztu da itxialdian. Batez ere, oso kaltegarria izan da pisuetan bizi diren adinekoentzat. Beste kolektibo batzuk baino sentiberagoak dira horrelako egoeretan. Ariketa faltari faktore gehiago gehitu dakizkioke; esaterako, eguzki izpiei eskerrak lortzen den D bitaminaren gabezia eta horrek immunitate sisteman duen eragin kaltegarria.

Konfinamenduak eragindako kaltea errekuperaezina izan daiteke kasu batzuetan?
Muskulua errekuperatu egin daiteke normalean, baina kasuan kasuko egoera begiratu beharko litzateke. Endekapenezko gaixotasunak, esaterako, gaixotasun progresiboak dira, baina ariketa fisikoagaz eta elikadura on bategaz moteldu daitezke. Konfinamenduak horri guztiari eragin badio, gaixotasunak aurrera egin dezake eta gatx da galdutakoa errekuperatzea, nahiz eta giharrak berreskuratu egunerokotasunera itzultzean.

Denbora luzean etxean egon eta gero, kalera irten eta ariketa egiten hasterakoan zer hartu behar da kontuan?
Koronabirusaren kontu honegaz intrusismo handia egon da. Ariketa fisikoak edonork agindu ditzakeela ematen du. Konpetentzia profesionalik ez dutenek, esan gura dut. Nire lehenengo aholkua beti profesionalengana jotzea da. Bakoitzaren ezaugarri indibidualak kontuan hartu dituen adituagaz aritzea. Gomendio orokorrak batzuentzat egokiak izan daitezke eta beste batzuentzat ez. Aholku orokor moduan esango nuke, gazte zein adineko, apurka-apurka hasi behar dela ariketa egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!