Maskara erabiltzeko gida praktikoa

Maskararen erabilera soilik garraio publikoan izan da derrigorrezkoa orain arte, baina espazio publikoetan eta leku itxietan ere erabiltzea derrigorrezkoa da gaurtik aurrera, sei urtetik gorako pertsona guztientzat.

Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutako agindua gaur,  maiatzaren 21, sartu da indarrean, eta aire zabaleko espazioetan zein espazio publiko itxietan aplikatuko da, bi metroko distantziari eutsi ezin bazaio.

Alarma egoera ekainaren 7ra arte luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak, eta gutxienez ordura arte maskaren erabilera arautzeko Gobernuak argitaratutako irizpideak eta gomendio orokor batzuk laburbildu dituzte ALEAko lankideek.

Norentzat izango da derrigorrezkoa?

  • 6 urtetik gorako herritarrak: derrigorrezkoa.
  • Salbuespenak:
    • Maskararen erabilerak larriagotu dezakeen arnas zailtasunak dituzten pertsonak.
    • Maskararen erabilera behar bezala justifikatutako osasun-arrazoiengatik kontraindikatuta badago.
    • Desgaitasun edo mendekotasun egoerak eragindako jokabide nahasmenduak maskararen erabilera bideraezina egiten badu.
  • 3 eta 5 urte bitarteko herritarrak: gomendagarria.

Non izango da derrigorrezkoa?

  • Garraio publikoan, orain arte bezala.
  • Bide publikoan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan.
  • Espazio itxietan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan; betiere, erabilera publikoa duten edo publikoarentzat irekita dauden espazio itxietan.
  • Aire zabaleko espazioetan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan.
  • Hainbat lanpostutan, laneko segurtasunagatik.

Zer hartu kontuan maskara bat erabiltzean?

  • Maskarak babesteko bitarteko osagarri bat baino ez dira.
  • Funtsezkoa da gomendatutako gainerako prebentzio-neurriak betetzen jarraitzea: bereziki, eskuak xaboiarekin garbitzea eta bi metroko segurtasun-distantzia mantentzea.

Zein maskara erabili norberaren egoeraren arabera?

  • Pertsona osasuntsuak: higiene-maskara.
  • 3 urtetik gorako haur osasuntsuak: higiene-maskara.
  • Pertsona gaixoak, sintomatikoak edo sintomarik gabekoak: maskara kirurgikoa.
  • Positibo diren umeak, sintomatikoak edo sintomarik gabekoak: ahal dela maskara kirurgikoa, edo higiene-maskara UNE espezifikazioarekin.
  • Birusarekin kontaktuan dauden pertsonak: NBE maskara.
  • Oharra: agintariek sudurra eta ahoa estaltzen duen "edozein maskara" onartuko dute, baina bufandak edo zapiak ezin izango dira erabili maskararen ordez.
  • Zer maskara mota dago?

    HIGIENE-MASKARA

    • Zertarako balio du? Gomendatutako urruntze fisikoaren eta higieneko neurrien osagarri dira.
    • Zenbat irauten du? Gehienez 4 orduz erabiltzea gomendatzen da.
    • Ni babesten nau? Ez.
    • Besteak babesten ditu? Kutsaduraren hedapena mugatzen du, baina bere eraginkortasuna ez dago guztiz bermatuta.
    • Non erosi? Edozein establezimendutan.
    • Oharra: produktu hau ez da NBEa, ezta osasun produktua ere.

    MASKARA KIRURGIKOA

    • Zertarako balio du? Osasun langileek eta paziente gaixo zein susmagarriek agente infekziosoak transmititzea saihesten du.
    • Zenbat irauten du? Gehienez 4 orduz erabiltzea gomendatzen da.
    • Ni babesten nau? Ez.
    • Besteak babesten ditu? Bai.
    • Bi mota: I mota (eraginkortasun gutxiagoko iragazketa) eta II mota (iragazketa eraginkorragoa).
    • Non erosi? Edozein establezimendutan, eta paketatuta saldu behar dira; soilik farmaziek saldu ahal izango dituzte ontziratu gabe.
    • Oharra: CE marka izan behar du, eta UNE EN 14683 arauaren erreferentziak kalitate-estandar bat betetzen dela bermatzen du.

    NBE MASKARA

    • Zertarako balio du? Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE) da; profesionalek erabiltzeko gomendatzen da; arrisku potentzial baten eta erabiltzailearen arteko hesi bat sortzen du. Talde kalteberentzat ere gomendagarriak izan daitezke.
    • Zenbat irauten du? Gehienez 4 orduz erabiltzea gomendatzen da, eta bi mota daude: berrerabilgarria eta ez berrerabilgarria.
    • Bost mota (gutxienetik handienera, babes-mailaren arabera):
      • FFP1 exhalazio-balbularik gabe: ni babesten nau; besteak ere babesten ditu.
      • FFP2 exhalazio-balbularik gabe: ni babesten nau; besteak ere babesten ditu.
      • FFP3 exhalazio-balbularik gabe: ni babesten nau; besteak ere babesten ditu.
      • FFP2 exhalazio-balbularekin: ni babesten nau, baina ez ditu besteak babesten.
      • FFP3 exhalazio-balbularekin: ni babesten nau, baina ez ditu besteak babesten.
    • Non erosi? Farmazietan, establezimendu espezializatuetan eta saltoki handietan; aldez aurretik baimenduta egon behar dute.
    • Erabilera ez-profesionala: profesionala ez bazara, birusarekin kontaktuan ez bazaude edo birusarekin lotutako arrisku-jarduerarik ez baduzu, ez duzu horrelako maskararik behar.
    • Oharra: CE marka izan behar du, eta UNE EN-149 arauaren erreferentziak kalitate-estandar bat betetzen dela bermatzen du.

    Nola jantzi maskara bat?

 

Ohiko galdera batzuk

  • Buelta eman diezaioket maskarari? Inola ere ez da gomendagarria.
  • Segurua al da mikrouhin-labean garbitzea? Ez.
  • UNE bermerik gabeko maskara higieniko batek babesten nau? Ezin du babesa guztiz bermatu.
  • Zer gertatzen da neurri okerra duen maskara erabiltzen badut? Behar bezala egokitzen ez bada, ez du behar duen eraginkortasuna izango; garrantzitsua da sudurrera ondo doitzea eta kokotsa estaltzea.
  • Zer gertatzen da etxean egindako maskarekin? Eraginkortasuna ez dago guztiz bermatuta; hortaz, osasun agintarien jarraibideak eta gomendioak berrikustea ere gomendatuta dago, eraginkortasuna hobetzeko.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.