Maskara erabili beharko dute sei urtetik gorakoek bihartik aurrera

Anboto 2020ko mai. 20a, 10:31

Bai aire zabalean bai erabilera publikoa duten espazio txikietan izango da derrigorrezkoa maskara erabiltzea, metro biko segurtasun distantzia ziurtatu ezin denean. Hala jasotzen du Espainiako Gobernuak argitaratu duen aldizkari ofizialean.

Arnasa hartzeko arazoak dituzten pertsonak salbuetsita daude, eta beren osasun egoeragatik edo mendekotasunen bat dutelako maskaren erabilerak kalte egin diezaiekeen pertsonak ere bai. Bestalde, 3 eta 5 urte bitarteko umeentzat, gomendagarria izango da maskara erabiltzea baina ez derrigorra. Orain arte, garraio publikoan zen bakarrik derrigorrezkoa.

Espainiako Gobernuaren aginduak dio maskara janztea ez dela derrigorrezkoa zenbait ekintza burutzeko, "euren izaeragatik"; adibidez, jateko eta edateko ez da maskara erabili behar. Era berean, "ezinbesteko arrazoiak" edota "premiazko egoera" argudiatuz gero ez da derrigorra izango maskara erabiltzea. Kirola egiteko ez da behar maskara jartzea.

Espainiako Gobernuak gaineratu duenez frogatuta dago maskarek gaitzaren hedapena saihesteko gaitasuna dutela. Arauak zehazten du, maskara jarrita izanagatik, COVID-19aren hedatzea eragozten duten gainontzeko osasun neurriak baliatzen jarraitu behar dela: segurtasun distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea, besteak beste.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!