Museoen Nazioarteko Egunagaz bat eginik, Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko museo guztiak batzen dituen erakusketa bat ipini du sarean. Bizkaiko museo bakoitzaren pieza bana erakusgai ipini du www.museoeneguna.eus atarian. Erakusketa birtuala maiatzaren 29ra arte egongo da ikusgai. Durangaldearen kasuan, bi dira bertan ageri diren museoak: Durangoko arte eta historia museoa, eta Mañariko Hontza museoa.
XV. mendeko Durango
Durangoko arte eta historia museoan XV. mendeko Durango nolakoa zen erakusten duen maketa bat dago. Maketa horrekin bideo informatibo bat egin eta horixe ipini dute sarean. Maketa 2009. urtean egin zen “Maquetas Durango” enpresarekin. Egileak Iñaki Cachorro eta Juan Azurmendi izan ziren. Zuzendaritza teknikoa eta historikoa Belén Bengoetxea Rementeria (UPV-EHU) arkeologoarena izan da.
Japoniako karramarro erraldoia
Mañariko Hontza museoan Japoniako karramarro erraldoi bat dago ikusgai. Espezie hori azaltzen duen bideo bat sareratu dute web orrian. Japoniako itsasoaren sakonera handietan bizi den karramarroa da, iluntasunean bizi dena, eta horrenbestez, begirik ez duena. Ile txiki eta oso sentikorrak baliatzen ditu harrapakinak atzemateko. Mañarian dagoenak ia 3 metro zabal ditu.
Bizkaiko gainontzeko museoek ere haien erakusketen zati bana sareratu dute. Askotariko erakusketak daude: itsasoari lotutakoak, meatzaritzari lotutakoak, euskarari lotutakoak, bai museo txiki zein handietakoak, berdin Guggenheim edo Athleticenak ere.