Zahar-egoitzetan gertatu dena "iragarritako drama baten kronika" izan dela salatu du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak

Anboto 2020ko mai. 16a, 18:50

Bizkaiko Foru Aldundiko datuen arabera adineko 247 pertsona hil dira zahar-etxeetan osasun-krisia hasi zenetik. Pentsionisten mugimenduak egoera hobetzeko neurriak eskatu eta astelehenerako elkarretaratzeak iragarri ditu.

Astelehenean Bizkaiko Aldundiaren egoitza aurrean eta hainbat herritan elkartuko dira protesta egiteko. Durangon, 11:00etarako egin dute deialdia, udaletxe aurreko plazan.

Koronabirusak aurretik existitzen zen arazoa areagotu egin duela uste du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak. "Pandemiak bere gordintasun osoa azaleratu baino ez du egin, duela bi hilabeterarte ezkutuan zegoena. Iragarritako drama baten kronika da", salatu dute ohar batean. Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko zentroak ez ezik, pribatu eta itunpekoak ere gogoratu dituzte. "Ezin dugu alde batera utzi, Zahar-Egoitza pribatuen zein itunpekoen jabe edo kudeatzaile diren patronalen erantzukizunaren larritasuna", azpimarratu dute.

Arloko profesionalei babesa

Sektorean izan diren murrizketak salatu eta bertan lan egiten duten profesionalen lana defendatu dute. "Lan-baldintza egokiak eskatzen ditugu, beren lana duintasunez eta profesionaltasunez egin ahal izan dezaten". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!