Bizikleta eta mugikortasuna aktiboa bultzatzeko estrategia "aitzindaria" landuko du Mankomunitateak

Aitziber Basauri 2020ko mai. 14a, 12:15

Durangaldeko Mankomunitateak egunerokoan bizikleta erabiltzea sustatuko duten politiketan pausoak emateko lankidetza publiko-pribatua sustatu gura du, eta, bide horretan, Europako Cycle Friendly Employer ziurtapena lortuko lehenengo eskualdea izatea jarri du helburu. Ekainaren 3an, proiektua azaltzeko batzarrera deitu dituzte Durangaldeko udalak eta enpresak.

Mankomunitateak bizikleta eta mugikortasun aktiboa sustatzearen aldeko apustua egin gura du eta horretarako eskualdean dauden laneko zentroak eta mugikortasuna sortzen duten beste nodo batzuk egokitzen lan egin gura du; halanola, enpresak, udaletxeak eta ikastetxeak. Estrategia "argia" da, azaldu dutenez: "Ahalik eta konpainia eta eragile gehien inplikatu gura ditugu bizikletaren eguneroko erabilera sendotzera zuzendutako proiektuetan, horrela ekintza horien irismena eta eragina handituz".

Horretarako eskualdean Cycle Friendly Employer ziurtapena zabaltzea erabaki du Mankomunitateak. Txirrindularien Federazio Europarrak Europan bultzatutako proiektu baten barruan dago, eta helburua da lan egiteko guneak, egunero euren lanpostura bizikletan doazenentzat egokitzea. Era berean, mugikortasun mota hori bultzatzen duten enpresak aintzatestea. Enpresak hiru kategoriatan sailkatuko dira: urrea, zilarra eta brontzea.

Eredua eman guran Durangaldeko Mankomunitateak ziklo-mugikortasunaren ikuspuntuan oinarritutako eskualdearen diagnostikoa egiteko eta erakundearen egoitza nagusia horretan ziurtatzeko eskatu dio Bikefriendlyri, Espainian Cycle Friendly Employer proiektua kudeatzen duen kontsultoretza enpresari. "Edozelan ere helburua da ziurtapen hori eskualde osora zabaltzea", diote.

Batzar informatiboa

Horretarako, ekainaren 3an, eskualdeko udalekin eta enpresekin bilera egin gura du Mankomunitateak: "Zenbat eta eragile publiko eta pribatu gehiagok erabaki ziurtagiria lortzeko tramiteekin hasi errazagoa izango da Durangaldean dauden beharrak hautematea eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak martxan jartzea". Bertan parte hartuko dute Carlos Martín Estatu mailako Cycle Friendly Employer programaren koordinatzaileak, Aitzol Fernández Bike Innovation Hub-eko presidenteak eta Iñigo Ansola EEEko Zuzendari Nagusiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!