Etxetik egingo diren prestakuntza ikastaroak eskainiko ditu Amankomunazgoak 60 urtetik gorakoentzat

Anboto 2020ko mai. 13a, 11:40

Hiru ikastaro eskainiko ditu Durangaldeko Amankomunazgoak: 'Oroimena entrenatuz', 'Zelan egon lasai' eta 'Loa eta osasuna'. Plazak mugatuak dira eta telefono bidezko laguntza eskainiko dute ikastaroak garatzeko. Maiatzaren 22ra arte eman daiteke izena, 94 620 05 46 telefono zenbakira deituta edo terceraedad.mdurango@bizkaia.org helbidera idatziz.

Maiatzaren 25ean ipiniko dituzte martxan telefono bidezko laguntza izango duten eta etxetik egingo diren hiru prestakuntza ikastaroak, Abadiño, Atxondo, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibarko 60 urtetik gorako zuzenduta. Durangaldeko Amankomunazgoko arduradunek azaldu dutenez, "Prestakuntzarako modalitate hori esperientzia pilotua da, eta egungo osasun egoera kontuan izanda, ikasketa prozesua hasteko edo, hasita izanez gero, horrekin jarraitzeko aukera emango dio kolektibo horri, etxetik eta euren osasuna babestuz". Doakoa da eskainitako zerbitzua eta Durangaldeko Adinekoen Zerbitzuaren bitartez eman daiteke izena.

Saio teoriko-praktikoak

Ikastaroaren helburua da 60 urtetik gorako kolektibo horren "egoera psikofisikoa hobetzeko" estrategiak ikastea, "COVID-19aren pandemiaren ondorioz sortutako ondorioak arintzen lagunduz", arduradunek azaldu dutenez. Ikastaro bakoitzak 5-6 saio teoriko-praktiko ditu, eta izena ematen dutenek ohiko postaz jasoko dituzte paperean ikastaroko materiala etxean, edo posta elektroniko edo WhatsApp bitartez, bakoitzak aukeratzen duena.

Bakoitzak profesional baten laguntza izango du,  astero egingo dira 30 minutu inguruko telefono deien edo 45 minutu inguruko taldekako bideo-deien bitartez. Modu horretan alderdi teorikoa indartu gura dute, zalantzak argitu eta bakoitzak astean zehar etxean egin behar dituen ariketa praktikoak azaldu ere bai. Prestakuntza euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!