'Etxean gelditu' dioten mezuez inguratuta gaude, baina etxerik ez duenak nekez egin dezake halakorik.
Etxebakoak ikusezinak dira edozein egoera gertatzen den aldiro, baina haiekin batera bizi gara. Supermerkatuan ikusten ditugu, edo semaforo baten ondoan malabareak egiten. Beti daude hor, baina egunerokotasunean ez daukagu ia hartu-emanik eurekin, eta ez dugu pertsona horien bizimoduaren berri. Ezin da haien egoera orokortu, denerik dago eta. Aterpetxean, esaterako, badira batetik bestera sasoikako lanetan dabiltzanak. Egunekoa irabaziz egunekoa bizitzen duten pertsonak dira, nomada lez batetik bestera dabiltzanak eta alarma egoerak hemen harrapatu dituenak. Ikusezinak zaizkigu, uste dugulako denok dugula etxe bat. Eta ez da horrela. Haiek egoera berri honetara egokitzen laguntzea da nire lana.
Etxebakoez ahaztu gara?
"Etxean gelditu" eta halako esloganak erabilita, haietaz ahaztu gara. Horren aurrean, txalogarria da Amankomunazgoak arazoari emandako erantzuna. Teknikarien, Gurutze Gorriko kideen eta presidentearen kezkak eta inplikazioak erabatekoak izan dira. Eta azkar erantzun dute. Beharbada "etxean gelditu" eta halako esloganek etxebakoak ahaztuko zituzten, baina beste sektore batzuetatik babesa heldu da.
Konfinamendu egoera zama handiagoa da etxebakoentzat?
Dudarik barik. Pentsa: egoera honetan, familiagaz edo umeekin zaudela, badira kokoteraino amaitzen dituzun momentuak. Eztabaidak egon daitezke, tentsioa, eta normala da. Baina egoera horiek gatxagoak dira aterpetxea ezagutzen ez dituzun herritarrekin partekatzen duzunean. Aurreko batean gertatutakoa da horren adibide. Erabiltzaile batek pelikula bat proiektatzeari ekin zion, eta denen oniritzirik barik halakorik zergatik egin zuen galdetu zioten besteek. Halako gatazkak egoten dira. Gero, tabakoaren gaia dago. Batzuk erretzaileak dira, baina ez dute ez dirurik ez aukerarik tabakoa erosteko. Hori bereziki gogorra egiten zaie.
Zein tresna eskaintzen diezu laguntzeko?
Bizikidetzaren ondorioz sortzen diren gatazketan bitartekari lanak egitea da nire rola; horiek gutxitzea edo adostasunak bilatzen laguntzea. Bestalde, entzunak, ulertuak eta arretaz hartuak izan daitezen lan egiten dut. Hori funtsezkoa da. Aterpetxeko erabiltzaileei eta bertako langileei eskaintzen diet arreta.
Etxealdia amaitutakoan, zein bideri jarraitu beharko litzaioke etxebakoei dagokienez?
Gurutze Gorriak lana bilatzeko prestakuntzak eskaintzeari ekin dio. Aurreko batean, esaterako, erabiltzaileetariko batek Internet bidezko lan elkarrizketa bat egin zuen. Lan formakuntzarako bideak eskaini gura ditugu. Bestalde, konfinamenduaren osteko egoerarako ere prestatzen ditugu. Orain arte ezagutu dugun moduko "egoera normalera" bueltatzea gatx izango da eta hori ulertarazi gura diegu.
Bada esan gura duzun beste ezer?
Azpimarratu gura dut etxebakoak ez daudela uste dugun bezain urruti. Egoera hau pasatutakoan, baliteke hainbat herritar haien antzeko egoeraren batean izatea. Gutariko edonork izan dezake bolada txar bat edo egoera ekonomiko zail bat. Horrela daude haiek ere. Ez dira beste planeta batekoak.