Durangaldeko Beharginen Autodefentsa Sareak (BAS) dinamika bat ipini du martxan langileek egunotan izan ditzaketen egoera zaurgarrietatik babesteko. Alarma egoera abiatu zenetik "kaleratzeak, ERTEak eta abarrak etengabe" hazi direla salatu du BASek ohar batean; horren aurrean langileak babesteko mekanismoak aktibatu gura dituela azaldu du. Arreta nagusia kontraturik ez duten langileengan, ERTE egoeran daudenengan eta osasuna babesteko neurri barik lan egiten dutenengan ipini dute. "Gatazkei aurrea hartu eta balizko prozesu administratibo eta juridikoetara jotzeko, aholkularitza juridikorako tresna" ipini gura dute martxan. Harremanetarako bi bide hauek daudela jakinarazi dute: 657035661 telefonoa eta beharginokautodefentsa@gmail.com helbide elektronikoa.