Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek kalejira egingo dute barikuan, Durangoko kaleetan, "kamioneta batean ezkutatuta"

Ekaitz Herrera 2020ko api. 22a, 12:00

Konfinamenduan "egindako esfortzua eskertzeko," Durangoko Udalak "sorpresatxo bat" eskaini gura die herriko umeei. Umeen eguna antolatu dute barikurako, eta, besteak beste Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek "kalejira" bat egingo dute auzorik auzo, eta "kamioneta baten ‘barruan’ joango dira ‘ezkutaturik’". Egitarau osoa, behean.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Durangoko kale eta auzoak zeharkatuko dituzte kamioi batean 'ezkutaturik'. Kalejiran doazela umeak alaitzeko mezuak botako dituzte eta bidelagun izango dituzte Karrika Antzerki Taldeko kideak ere. Udalak azaldu du kalejirak bi txanda izango dituela, Eguerdi partean, 12:00etatik 14:00etara izango da lehenengoa, eta 18:00etatik 20:00etara bigarrena.

Bestalde, egun osorako egitarau bat ere prestatu du udalak. Etxean gertatutako guztia sare sozialetan #HaurrenEgunaDurangon traolarekin etiketatzeko deia egin dute. komunikazioa@durango.eus-era helbidera ere bidali daitezke irudi eta bideoak.

UMEEN EGUNA (Egitaraua)

11:00etan: Zigor Iturrietarekin bazkaltzeko menua prestatu. Youtube/Durangoko Udala kanalean eta Udalaren sare sozialetan.

11:30ean Durango Irratian “Jan eta Kanta”, umeei zuzendutako saioa eskainiko da. Gero, 11:45ean(*), "Umeen ahotsa" izango da entzungai

12:00etan "Azalerako ipuinak" eskainiko ditu Saroa Bikandik. Saioan parte hartzeko mezu bat idatzi behar da biblioteka@durango.eus  helbidera edo 626 73 41 67 WhatsApp zenbakira

12:00-14:00 Irrien lagunak, kalejira. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lehenengo kalejira Durangoko auzoetan

16:30ean Durango Irratian umeentzako musika saioa

17:00etan Umeentzako ipuin kontaketa “Durango Elkar Zainduz” sarearen eskutik. Miren Erdoiza arduratuko da ipuinak kontatzeaz. Youtube/Durangon Elkar Zainduz kanalean jarraitu ahalko da saioa.

17:30ean Umeentzat Zumba Saioa Durango Kirolak-en Youtube Kanalean

18:00-20:00 Irrien lagunak, kalejira. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bigarren kalejira Durangoko auzoetan

 

(*) Umeen audioak durangoirratia@durango.eus helbidera bidali beharko dira. Gaiak: Nola sentitzen zara? Zer botatzen duzu faltan?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!