[GIDA] Zer egin hegaldiak, erreserbak eta bestelako zerbitzuak bertan behera gelditu bazaizkizu

Ekaitz Herrera 2020ko api. 20a, 12:00

Amankomunazgoak gida bat argitaratu du. Kontratatutako bidaiekin, erreserbekin eta bestelako zerbitzuekin (gimnasioa, akademiak, etab.) orientatzeko tresna da. Kontsultek "nabarmen" egin dute gora Amankomunazgoaren Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoan. Martxoan 205 kontsulta izan ziren eta alarma-egoerarekin lotuta zeuden 144. Bidaia erreklamazioekin lotuta zeuden kontsulten %90

HEGALDIEN EZEZTAPENAK

1. EGOERA: Aste Santuan joan-etorriko hegaldien erreserba bat neukan, baina erreserba bera ezeztatua geratu da. Zer eskubide ditut? (ERANTZUNA: Hegaldiaren ezeztapena jasan baduzu, ordaindutako zenbatekoa itzultzea eskatzeko eta hala izateko eskubidea duzu)

  • Joaneko hegaldiak kontratu bat zuen; itzulerakoak, berriz, beste bat. Horietako hegaldi bakarra bada ezeztatzen dena, indargabetua izan den hegaldiagatik ordaindutako zenbatekoa bueltan jasotzeko eskubidea besterik ez duzu izango.
  • Joaneko eta itzulerako hegaldia kontratu berarekin bereganatuak nituen. Hegaldi guztiengatik ordaindutako zenbatekoa itzulia izateko eskubidea duzu, baina ez duzu konpentsaziorako eskubiderik izango, hegaldiaren ezeztapena ekidin ezin litekeen egoera bategatik gertatu baita, ezinbesteko kasu bat.
    • Aerolineak hegaldi bat edo denak ezeztatzen dituenean, KIUBetik gomendatzen dugun lehen gauza da mezu elektroniko bat bidaltzea. Horrela, hegaldia ezeztatu dela eta dirua itzultzeko eskatu duzuela justifikatzeko dokumentua izango duzue. Emailean Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 261/2004 Erregelamenduaren 5 eta 8 artikuluak aipa ditzakezue.
    • Mezua bidali ostean, enpresak hilabeteko epea du erantzun bat emateko. Epea pasata honek erantzuten ez badu edota erantzuna ezekoa bada, erreklamazioa Aireko Segurtasunerako Estatuko Agentziara (ASEA) bideratu ahalko duzu, honek web orrian duen online inprimakia betez.

2. EGOERA: Maiatza amaierarako hegaldi batzuen erreserba dut, baina egoera ikusita ezeztatu nahiko nituzke, zein eskubide ditut? (ERANTZUNA: Kasu honetan, kontratua edo erreserba egitean kontrataturiko enpresarekin onartu dituzun zehaztapen eta baldintzak irakurri beharko dituzu)

  • Gaur egun, ez dakigu maiatza amaieran zer egoeratan izango garen, beraz, KIUBetik egoerak zer nolako bilakaera hartzen duen ikustea gomendatzen dizugu. Azkenik data horretarako Alarma Egoerak indarraldian badirau, eta hortaz, pertsonen askatasunez zirkulatzeko eskubideak mugatua jarraituko balu, ez legoke arazorik, ordainduriko zenbatekoa itzultzea eskatzeko eskubidea baituzu. Aldiz, behin Alarma Egoera amaituta eta bidaiatzeko askatasuna izanik, kontsumitzaileak erreserba ezeztatzea erabakitzen badu, kontratuan onarturiko zehaztapen eta baldintzek diotena ezarriko da, horregatik, enpresarekin akordio batera heltzea gomendatzen dizugu.

3. EGOERA:  Estatu ezberdinetan eskala egiten duten hainbat hegaldi ditut kontratatuta, zein eskubide ditut?
(ERANTZUNA: Europako aireporturen batean jatorria duen geldialdi anitzeko hegaldi bat hegaldi bakartzat hartzen da erreklamazioa egiteko orduan. Beraz, hurrengo eskubideak izango dituzue)

  • Informazioa jasotzea: hegazkin-konpainiak bertaratze- eta konpentsazio-baldintzak jasotzen dituen inprimaki bat entregatzea.
  • Laguntza jasotzea: behar adina janari eta edari, bi telefono-dei edo posta elektronikorako sarbidea, eta, beharrezkoa izanez gero, ostatu-gau bat edo gehiago, bai eta aireportuaren eta ostatuaren arteko garraioa ere.
  • Dirua itzultzea edo ordezko garraioa, ahalik eta azkarren edo geroago, eskaintzea azken helmugaraino. Kontuan izan behar duzue ezen, dirua itzultzea edo egokiagoa ikusten duzuen data bat aukeratuz gero garraio alternatiborako konpainiak ez dituela bere gain hartuko ostatu-arretaren, garraio osagarriaren eta elikaduraren gastuak.

4. EGOERA: Bidaia konbinatu bat daukat, hau da, kontratu beraren pean ditut, adibidez, hegaldiak + hotela, hegaldiak + hotela + bisita gidatuak, etab. (ERANTZUNA: Bidaia konbinatua ezeztatzen bada, bidaia agentziak bono bat eskaini ahalko dizu)

  • Bonoak, Alarma Egoera bukatzen denean hasiko du bere baliotasuna eta urtebeteko epea izango du. Urtebete hori pasata, ez baduzu bonua erabili, bidai agentziak ordaindutako kopurua itzuli beharko dizu. Ez baduzu bonoa onartzen, bidai agentziak gehienez 60 eguneko epea izango du ordaindutakoa itzultzeko. Kontuan eduki beharko duzu, itzulketa hornitzaileen itzulketa proportzionalari atxikita dagoela, eta beraz, baliteke ordaindutako kopuruaren parte bat itzultzea eta beste partea bono bidez ematea.

OSTATUETAKO ERRESERBEN EZEZTATZEA

1. EGOERA: Aste Santurako ostatu bat nuen erreserbatua, baina berau itxita dago eta COVID19a dela eta ezin izan dut bidaiatu, zein eskubide ditut? (ERANTZUNA: Ostatuak erreserba beste data batera aldatzea eskaini diezazuke, eta zuk eskaintza onar dezakezu edo ez)

  • Alde biek 60 egun dituzue akordio batera heltzeko, eta azkenik akordioa ematen ez bada, ostatuak gehienez 14 egun izango ditu ordainduriko diru
    kopurua itzultzeko. Kontuan izan beharko duzu erreserba bidai agentzia bidez egin baduzu (fisikoki edo online), bidai agentziarekin berarekin eztabaidatu beharko duzula akordioa, eta ostatuarekin egin baduzu, ostatuarekin berarekin.

2. EGOERA: Ostatu erreserba bat dut ekain hasierarako, zein eskubide ditut?
(ERANTZUNA: Hegaldien sekzioko azken puntuan azaltzen den moduan, kontratua edo erreserba egitean kontrataturiko ostatuarekin onartu zenituen
zehaztapen eta baldintzak irakurri beharko dituzu)

  • Gaur egun, ez dakigu ekaina hasieran zer egoeratan izango garen, beraz, KIUBetik egoerak zer nolako bilakaera hartzen duen ikustea gomendatzen dizugu. Azkenik data horretarako Alarma Egoerak indarraldian badirau, eta hortaz, pertsonen askatasunez zirkulatzeko eskubideak mugatua jarraituko balu, ez legoke arazorik, ordainduriko zenbatekoa itzultzea eskatzeko eskubidea baituzu.
  • Aldiz, behin Alarma Egoera amaituta eta bidaiatzeko askatasuna izanik, erreserba ezeztatzea erabakitzen baduzu, kontratuan onarturiko zehaztapen eta baldintzek diotena ezarriko da, horregatik, enpresarekin akordio batera heltzea gomendatzen dizugu.

AKADEMIA, GIMNASIO, ETA BESTELAKO KONTRATUAK

1. EGOERA: Akademia batena izena emanda du, baina Alarma Egoera dela eta ezinezkoa zait ikasgelara joatea, eta beraz, ezin dut ordaindutako zerbitzua disfrutatu, zein eskubide ditut? (ERANTZUNA: Akademia, gimnasio, etab.ekin sinatutako kontratuak segidazko traktuzko kontratuak dira. Hau da,  entrega-serie edota denboran balioa duten aldizkako prestazioak erregulatzen dituzten kontratuak dira. Kasu honetan, zerbitzuak ematen
dituen enpresak hainbat aukera eskaini ahal dizkizu)

  • Adibidez, klaseak online jasotzea eskaini diezazuke, edota zerbitzua gerora berreskuratzeko aukera eman diezazuke. Aukeretako bat onartuz gero, kontratua bete dela ulertuko da eta beraz, ez da ordaindutako diru kopuruaren itzulketa eskatzeko eskubiderik egongo.
  • Baina, ez baduzu aukeretako bat ere onartzen, enpresak ordaindutako diru kopuruaren alde proportzionala itzuli beharko dizu. Dena dela, enpresak
    ezingo dizu ordainagiri berririk fakturatu egoera normaltasunera pasa arte.

AMANKOMUNAZGOAREN KONTSUMITZAILEEN INFORMAZIORAKO BULEGOA

  • Telefonoa: 94.620.27.07
  • Helbide elektronikoak: omic.mdurango@bizkaia.org  / omic2.mdurango@bizkaia.org
  • Bulegoko ordutegia alarma egoerak iraun bitartean:
    • Astelehen, martitzen, eguazten eta barikuetan 8.30etatik 15.00etara
    • Eguenetan, 8.30etatik 13.30etara eta 14.30etatik 18.30etara.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!