AEBak dira koronabirusa munduan gehien kolpatzen ari den herrialdea. Zein da horko egoera?
Kaltetuena New York izaten ari da, baina, esaten dutenez, Floridara ere astindu itzela etorri daiteke. Izan ere, hiritar asko New Yorketik Floridara lekualdatu ziren orain lau aste. Pentsa, egun normal batean hogei hegazkinetik gora heldu ohi dira New Yorketik hona. Baina orain lau aste, egun bakoitzean 100dik gora etorri ziren. Hau da: jendea New Yorketik alde egiten hasi zen. Orain dena gelditu dute, baina hilabete honetan zerbait potoloa etorri daitekeen kezka dago.
Zeintzuk dira koronabirusari aurre egiteko Floridan hartutako neurriak?
Premiazkoak ez diren jarduera guztiak eten dituzte. Komertzio txikiak, tabernak, dentisten kontsultategiak, gimnasioak,... horiek zarratuta daude. Baina ez dituzte eraikuntza arloko lanak geratu. Supermerkatuek zabalik segitzen dute. Baita burdindegiek ere. Etxean gelditzeko agindua dugu hemen. Parkeak zarratuta daude. Berdin saskibaloi kantxak ere, baina aukera dugu bizikletan ibiltzeko eta paseoan irteteko. Banaka edo binaka egin daiteke gehienez. Hondartzen kasua ere berezia da. Izan ere, Daytonan, adibidez, autoa ia hondartzaraino bertaraino sartu daiteke. Baina hondartza parean etxea izan arren, ezin zara hondartzan ibili.
Txinak dio AEBek sartu zutela koronabirusa han. Donald Trumpek, ostera, egunak daramatza koronabirusa "birus txinatar" modura definitzen.
Hemengo gobernuak ez du oraindino mezu ofizialik eman. Ez du esan birusa handik edo hemendik datorrenik. Baina Interneten edozer topatu dezakezu. Batzuek diote dirua kontrolatzen duten aberatsak direla arduradunak. Batek daki. Niri, dena dela, kosta egiten zait hau merkatu batetik eratorritako zerbait dela sinestea. Hau ondo muntatutako zerbait den irudipena dut.
Euskal Herrian doako osasun sistema publikoa dugu, baina AEBetan oso bestelakoa da kontua.
Hemen, erretiroa hartutakoan, gobernuak osasun kobertura bat eskaintzen dizu. Gainerakoan, pribatua da dena. Bakoitzak bere osasun asegurua izan behar du, eta hori ez da batere merkea. Urte baterako osasun frankiziaren truke 5.000, 6.000 edo 8.000 dolar ordaindu behar dituzu, eta jakina, milioika herritar dago halakorik barik. Sekulako triskantza muntatu liteke. Pobrea bazara, propietaterik ez baduzu, eta ospitalera bazoaz, artatuko zaituzte. Eta ez dizute ezer kenduko, hain zuzen ere horregaitik: ez duzulako ezer. Baina asegururik eduki ez eta propietateren bat baduzu, etxea, adibidez, bada hori kenduko dizute. Eta zer gertatzen ari da hemen koronabirusaren inguruan? Ba, ez dugu informazio askorik. Dioskuen bakarra da testak egiteagaitik ez dutela kobratuko.
Konfinamendua hasi zenean, Euskal Herriko jendeak komuneko papera erruz erosi zuen. Hor ere gertatu al da halakorik?
Hemen komuneko papera eta ur botilak, biak agortu izan dira. Urakan bat gertatzen den aldiro ur-hornidura kaltetzen denez, herritarrek supermerkatuetako ura erosteko joera dute. Orain ere hori gertatu da. Desinfektatzaileak eta gel hidroalkoholikoak ere amaitu dira. Osasun langileen babes ekipamenduekin ere horko antzerakoa gertatzen ari da. Osasun langileek maskara eta baliabide falta salatzen dute.
Armen salerosketa hazi egin dela diote.
Harrigarria da. Marka guztiak apurtu dituzte. Zerbait neurrigabea da. Batzuek diote koronabirusak soka luzea ekarriko duela, eta gosetea, lapurretak eta segurtasun falta handituko direla. Horri aurre egiteko ideia modura erosi ohi dituzte armak. Gobernuak 1.200 dolarretik gorako txekeak banatu ditu etxeetan, baina herritarrak egunean egunekoari erreparatuta bizi dira. Negozioak itxiko direla, lana faltako dela,... kezka handia dago.