Etxez etxeko arreta zerbitzuen maiztasuna handitu du Amankomunazgoak

Ekaitz Herrera 2020ko api. 16a, 09:26

Menpekoak diren herritarrak zaintzeko eta horiei etxeko lanekin laguntzeko zerbitzua indartu du Amankomunazgoak. Orain arte astean bi bisita jaso dituztenek hiru izango dituzte aurrerantzean; lau, orain arte hiru jaso dituenak, eta, astelehenetik barikura arteko zerbitzua eskainiko zaie lau eguneko zerbitzua jaso dutenei. Zabalkunde honek 60 bat laguni eragingo die.

Zerbitzuaren maiztasuna handitzeak bi helburu ditu Amankomunazgoaren esanetan. Lehenengoa "mendekotasuna duten pertsonen beharrei hobeto erantzutea" da. Norbere burua zaintzeko eta etxeko jarduerekin laguntzeko zerbitzua indartuko zaie herritarrei. "Higiene pertsonala, altxatzea eta ohera sartzea, janztea eta abar egiteko laguntza" eskaintzen ditu zerbitzuak; baita, etxea garbitzeko, ohea txukuntzeko, arropa garbitzeko, lisatzeko edo janaria prestatzeko laguntza ere.

Bigarren helburua "enpleguari eusten" laguntzea da. Amankomunazgoak jakinarazi du zerbitzuko langile batzuek baja hartu behar izan dutela Covid-19aren ondorioz, eta "horrek eragin zuzena" izan duela "enpresaren fakturazioan eta enpleguaren egonkortasunean". Zerbitzua handitzeak, beraz, enpleguari lagunduko lioke. Amankomunazgoak azaldu du zerbitzua handitzearen kostua beregain hartuko duela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!