Greba digitala egitera deitu dute Durangaldeko kultura arloko hainbat sortzailek eta eragilek

Ekaitz Herrera 2020ko api. 15a, 11:43
Eñaut Aiartzaguena marrazkilariak egin du grebaren afixa.

Apirilaren 21ean eta 22an sareetan kultur edukirik ez partekatzeko deia egin diete herritarrei. Kulturaren egoerari buruzko gogoetara bultzatu gura dute modu horretan. "Sortzaileok, egoeraren jakitun (pandemia, konfinamendua) ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen, eta, oraingoan, trukean, kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu". 

Euskal Herriko kulturgintzan lan egiten duten profesionalek ahots bateratua osatu dute. Manifestu bat kaleratu eta apirilaren 21ean eta 22an "greba digital" bat egitera deitu dute. Herritarrei eskatu diete egun horietan zehar kultura arloko edukirik sarean ez barreiatzea. Itzalaldi kultural horrekin hausnarketa eragin gura dute herritarrengan: "zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, zein kultura kontsumitzen dugun, kulturgintzaren prekarietateaz (batez ere sortzaileenaz) eta lan baldintza kaxkarrez ohartzen garen,..." adierazi dute.

https://kulturgintzan.eus/ atarian irakurgai ipini dute manifestu osoa. Zati batek honakoa dio: "itxialdi garaiotan, kultur ekimenak etengabe zabatzen ari dira sare telematikoetan eta hedabideetan. Zuzeneko emanaldiak, grabatuak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak,... gehien-gehienak debalde. Sortzaileok, egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen eta, oraingoan, trukean, kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu". Hain zuzen ere kulturarik barik geratuko litzatekeen hutsunea irudikatu gura dute grebagaz. "Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar. Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe?" galdetu dute.

Durangaldeko izen ugari

Manifestuak 300dik gora sinatzaile ditu dagoeneko. Disziplina artistiko askotako sortzaileak batzeaz gain, kultura sisteman lan egiten duten azpiegituren eta teknikarien izenak ere ageri dira. Durangaldearen kasuan greba babestu dutenen artean daude, besteak beste, Eneko Sagardoy aktore durangarra, Miren Amuriza bertsolari berriztarra, Eñaut Aiartzaguena marrazkilari iurretarra, Igor Elorza eta Unai Iturriaga bertsolari durangarrak, Lara Izagirre zinemagile zornotzarra, Ion Chavez antzerki argiztatzaile berriztarra, Ihintza Orbegozo Platerueneko kultura-programatzailea edota Mikel Urdangarin musikari zornotzarra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!