“Forma musikal estandarrak erabili ditut, sofistikazio gehiegitan sartu barik; hitza azpimarratzeko, zelanbait”

Ekaitz Herrera 2020ko api. 13a, 10:00

Ekuru taldeak jazz kutsuko doinuez jantzi ditu hainbat poema eta testu. Diskoak zazpi kantu ditu eta horietariko bost Luis Anselmi poeta bilbotarraren lanak abiapuntutzat hartuta konposatu dituzte. Beste kantuetako baten letrak Andoni Mujikarenak dira. 'Itsasoa laino dago' abesti herrikoiaren moldaketa da beste konposizioetariko bat.Sarean dago entzungai. Ander Erzilla da proiektuaren sortzailea.

Hiztegian 'ekuru' bilatuta, adiera hauek agertzen dira: geldi, patxadatsu, lasai. Lasaitasun musikal bat helaraztea da Ekururen asmoa?
Luis Anselmiren poemetatik hartutako berba da. Polita delakoan nago. Anselmik dezentetan erabiltzen du ekuru berba, baina askotariko adierak eta interpretazioak izan ditzake. Izan ere, lasaitasunari, pazientziari, gelditasunari lotzen zaion berba da, baina zelanbait, erne egoteko jarrera bat ere iradokitzen du. Bada euskal esaera zahar bat ere: hago zorigaitzari ekuru eta onari aiduru. Taldeak izena behar zuen, eta azkenean, hara, Ekuru.

Esan liteke zure proiektu propioa dela Ekuru. Bide berriak zabaltzeko gosea sentitu duzu?
Kanta hauetariko batzuk aspaldi konposatutakoak dira. Beste batzuk, ostera, berriak dira. Material dezente nuen, eta proiektu bat sortzera animatu nintzen guztiari forma eman ahal izateko. Horretarako, baina, kide gehiago behar nituen. Hasteko, ahots bat. Nik saxofoia joz parte hartzen dut, atzealdean ahots batzuk sartuta, baina taldekideak behar nituen. Gertukoengana jo dut proiektua sortzeko, eta Irati Bilbaogaz, Mikel Nuñezegaz, Ander Garciagaz eta Iñaki Jaiogaz osatu dut taldea. Hasieran Bilboko lagun batek, Txubiok, jotzen zuen kontrabaxua, baina Ander Garcia barakaldarrak ordezkatu du. Berak parte hartu du grabazioan.

Mikel Nuñez eta Iñaki Jaio, zure moduan, Bartolome Ertzilla musika eskolako irakasleak dira. Proiektua osatzeko haiengana jotzean, presio gehiago eragin dizu horrek?
Ez. Lasaitasun eta elkarlan gehiago ekarri duela esango nuke. Enpatia sumatzen da taldekideen artean, musikaz gainera, oso harreman ona dugulako. Taldeko hiru lagun musika eskolako irakasleak gara. Iñaki eta biok aspaldidanik gara irakasle. Mikel aurten hasi da. Irati oraintxe ari da Donostiako Musikenen kantu jazz ikasketak amaitzen. Anderrek Madrileko hainbat taldegaz lan egiten du musikari lez.

Zein ezaugarrigaz deskribatu daiteke Ekururen lehenengo disko hau?
Abestiak dira. Eta abesti horiek zelan jantzita dauden? Niretzat ezinbesteko garrantzia du kantuaren barneko testuak edo poemak ondo helarazteak, ondo ulertarazteak. Musikak hitzari lagundu behar dio; ez alderantziz. Testu bakoitzak badu bere nolabaiteko erritmoa, eta horri erreparatzen diozu berbak musikara eramaterakoan. Testuen aukeraketa musikalki diotenaren arabera dago eginda. Horretarako, forma musikal estandarrak erabili ditut, sofistikazio gehiegitan sartu barik; hitza azpimarratzeko, zelanbait. Bestalde, nire lanetan ohikoa den moduan, inprobisaziozko tarteak ere badaude. Inprobisazio horiek ez dira beharbada diskoan hainbeste ageri, dena neurtuago dagoelako, baina zuzenekoan zabaldu egiten da hori. Kontuan hartu behar da egun bitan grabatu dugula diskoa. Guztiok aldi berean joz grabatu ditugu kantuak. Hiru saio izan dira. Saiorik onenak hartu ditugu eta ez da ediziorako tarte handirik egon.

Kontzerturik egingo duzue?
Aurkezpena joan zen barikuan egin gura genuen, baina dena bertan behera gelditu da. Diskoa sarean dago entzungai. Ahal dugunean egingo dugu aurkezpena. Bestalde, lagunei ere esango nieke KDari balioa emateko. Edizio txukuna da eta bertan daude letrak. Gainera, Saltsan catering etxearen diru-laguntza izan dugu. Gaur egun zientzia fikzioa dirudi, gutxik eskaintzen baitute laguntza, baina oso esker oneko gaude. Gainerakoan, zuzenean ere aurkeztu gura dugu lana, musikari batek gehien gura duena zuzenean jotzea da eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!