'Quarenttona' bertso abestuen lehiaketa antolatu du Durangaldeko Bertso Eskolak

Anboto 2020ko api. 1a, 11:26

Bertsoak MP3 formatuko audio fitxategi batean aurkeztu behar dira, eta audio hori ez da sei minututik gorakoa izango. Apirilaren 18a baino lehen bidali behar dira abestutako bertsoak durangaldeko.b.e@gmail.com helbidera. Sarituen izenak maiatzaren 3an zabalduko dituzte @durangaldekobe twitter kontuan.

Bertsoak berriak eta inon argitaratu gabeak izan beharko dira, eta ez du zertan egile bakarra izan, taldea ere egin daitezke. Hala ere, pertsona bakoitzak, gehienez, audio bakarra aurkez dezake, taldean edo indibidualki, antolatzaileek azaldu dutenez. Lanaren izenburua, egilearen izen-abizenak, herria eta adina zehaztu beharko dituzte partehartzaileek; erantsitako dokumentuaren izena lanaren izena izango da.

Maila bitan banatu dute txapelketa : 16 urtetik beherakoak eta adin horretatik gorakoak. Maila bakoitzean sari bina emango dituzte. Gazteen artean irabazleak 150 euroko saria lortuko du, eta, bigarrenak, 75 eurokoa. 16 urtetik gorakoen artean nagusitutakoak, bestalde, 400 euro irabaziko ditu; bigarrenak, 200 euro. 

Publikoaren saria eta Durangaldeko onena

Durangaldeko lan onena ere sarituko dute: gazteen artean lan onenak 50 euroko erosketa-bonoa irabaziko du, Durangoko Hitz liburudendan erabiltzeko. 16 urtetik gorakoen artean irabazleak 150 euroko saria izango ditu. 

Publikoak ere izango du aukera botoa emateko. Epaimahaiak aukeratutako hamar onenen artean gustokoena aukeratu ahal izango du publikoak. Durangaldeko Bertso Eskolaren
Twitter kontuan (@durangaldekobe) zabalduko dituzte lan horiek eta 10 txio horietatik “atsegin dut” gehien lortzen dituen txioak eramango du 200 euroko saria. Lanak apirilaren 25ean zabalduko dira, eta maiatzaren 2an amaituko da bozkatzeko epea. Antolatzaileek azaldu dutenez, sari hori izango da besteekin metatu ahal izango den bakarra. Gainontzekoan, lan berberak ez du sari bat baino gehiago jasoko.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!