ANBOTOk ‘Gorabeherak’ websail berria eskainiko du hamabostean behin

Anboto 2020ko mar. 27a, 09:00

Gertuko informazioa entretenimenduko edukiekin osatu nahian, ANBOTOk ikus-entzunezko eduki berri bat eskainiko du ostiral honetatik aurrera: ‘Gorabeherak’ izeneko umorezko saila.

Gorabeherak atal laburrez osatutako umorezko sail berritzailea da. Kapitulu guztiak igogailu berezi batean gertatzen dira: hilberriak zerura ala infernura eramaten dituen igogailuan, hain zuzen ere. Bertan, igogailuzain xelebre bat izango da, Ramon, hurbiltzen diren hildako famatuei harrera egingo diena. Pertsonaia horien artean denetarik izango dugu. Gehienak euskaldunak izango dira, baina Euskal Herritik kanpokoak ere ez dira faltako.

Websaila Ttap aldizkari digitalaren lantaldeak ekoitzi du, eta hainbat ezaugarri berritzaile ditu. Nabarmenena, zalantzarik gabe, formatu bertikalean grabatuta egotea, mugikorretan ikustea errazte aldera. ANBOTOren webgunean ere bisiten gehiengoa mugikorretatik dator jadanik, eta hori dela eta, eduki berri hau ezin egokiagoa iruditu zaigu gure erabiltzaileontzat.

Gorabeherak sailaren gidoiak eta zuzendaritza lanak Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak egin ditu, eta Ramon pertsonaia ere berak gorpuztuko du atal guztietan. Harekin batera, Nerea Arriola donostiarra azalduko da pantailan, igogailura hurbilduko diren pertsonaia ezberdinak antzezten.

Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anboto, Baleike, Euskalerria Irratia, Goiena eta TOKIKOMen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan, eta dohainik eskuratu daiteke Android zein iOS gailuetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!