Autonomoentzako eta enpresa txiki zein ertainentzako orientazio zerbitzuak indartuko ditu Behargintzak

Ekaitz Herrera 2020ko mar. 26a, 15:23

Behargintzak enplegu arloko informazio, aholkularitza eta laguntza zerbitzuak indartuko ditu koronabirusaren krisia dela eta. Zerbitzuak Durangaldeko autonomoentzat eta Enpresa Txiki eta Ertainentzat izango dira nagusiki. Bestalde, etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten profesionalentzako babes ekipamenduak eskatu dizkio Amankomunazgoak Osasun Sailari

Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean, Durangaldeko autonomoak eta Enpresa Txiki eta Ertainak lagundu gura ditu Amankomunazgoak. Horretarako Behargintza aktibatu du, eta hainbat erakunde martxan ipintzen ari diren laguntza ekonomikoei buruzko informazioa eskainiko dute bertan. "Helburua Durangaldeko profesional autonomoek eta ETEek laguntza horiek, ahalik eta arinen eskuratu eta jaso ahal izateko behar den informazio eta babes guztia izatea da ", azaldu du Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak.

Neurriak gizarte zerbitzuetan

Etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen duten profesionalak babeste aldera, Amankomunazgoak ekipamenduak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari. Gainera, pertsona nagusien arretarako zerbitzua jarraipen telefonikoa egiten ari herritar adinduekin, informazioa emanda eta laguntza psikologikoa eskainita. Bestalde, instalazio guztietako garbiketa eta desinfektatze lanak areagotuko ditu, hala nola, Gizarte Zerbitzuen egoitzan, hondakinen bilketarako pabilioian eta etxebako herritarrentzat behin-behinean atondutako aterpean.

Hondakinen bilketari dagokionez, garbiketa eta prebentzio neurriak indartuko dituzte. Beharrezko ekipamenduak emango dizkie langileei.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!