Durangaldeko hainbat kirolarik bat egin dute euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko 'Gu ere bai' manifestuagaz

Joseba Derteano 2020ko mar. 11a, 12:57
San Mamesen egindako aurkezpenako irudia (guerebai.eus)

Joan zen asteburuan aurkeztu zuten ekimena Bilboko San Mames futbol zelaian. Manifestua oraingoz sinatu duten 1.250 kirolarien artean eskualdekoak ere badaude: Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalaria, Ibai Zabala pilotaria…

“Euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzea”, aldarrikatzen du manifestuak. “Munduaren aurrean aurkezteko modurik onena litzateke, kirolarien garapena -formazioan, lehiaketetan eta profesionalki- bermatuko lukeena. Ez dugu inoren aurka egin nahi, gurea babestu eta aldarrikatu nahi dugu soilik. Nazioarteko aitortza bat, gure selekzioek jokatu eta lehiatzeko eskubidea izan dezaten, eta guk euskal selekzioa eta gure kirolariak babestu eta animatzeko”, azaldu dute.

Durangaldeko kirolarien artean daude, besteak beste, Oihana Azkorbebeitia eta Zigor Iturrieta mendi korrikalariak, Asier Aspuru, Ibai Zabala, Ainhoa Urien eta Amaia Araiztegi pilotariak, Iñaki Iza pilotari ohia, eta, Mikel Bizkarra eta Illart Zuazubiskar txirrindulariak.

Taldekako kirol klubetako jokalarien hainbat sinadura ere badaude. Hauek dira euretako batzuk: Iker Etxeandia eta Aratz Astobieta (Zornotzako Urgozo Rugby Kluba), Imanol Azurmendi eta Jokin Alberdi (Durango Rugby Taldea), Andu Moreno eta Beñat Eguren (Elorrio Rugby Taldea), Jon Agirrebeitia (Elorrio futbol kluba), Iker Bilbao (Amorebieta futbol kluba), Aritz Vicandi (Durangoko Bikainak futbol taldea), Adrian Zelaia (Ezkurdi Kirol Taldea), Peru Astigarraga (Tabirako saskibaloi kluba), Unai Barrenetxea (Anbotopeko saskibaloi kluba) eta Lezuri Gonzalez (Zornotza saskibaloi taldea).

Izena eman dutenen zerrenda LOTURA HONETAN.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!