Lau aste pasatu dira Zaldibarko Verter Recycling hondakindegian lur-jausia gertatu zenetik. Zaldibar Argitu herri plataformako kideek prentsa agerraldia egin dute, hurrengo mobilizazioen berri emateko. Plataformako kideek lanuztera deitu dute martxoaren 12rako. Zaldibarko, Eibarko, Ermuko, Elgetako eta Mallabiko herritarrei zuzendutako lanuztera deitu dute. 12:00etatik 15:00etara bitarteko geldialdia egingo dute. 12:30ean mobilizazioak antolatuko dituzte inguruko herrietan. Eta 19:00etan mobilizazio bateratua egingo dute Eibar eta Ermua arteko biribilgunetik. "Inguruko herritar guztiak bertan parte hartzera animatzen ditugu, erakundeak mugiarazteko eta neurri zehatzak hartzeko Zaldibarkoa errepikatu ez dadin", azaldu dute prentsaurrekoan.
Parte hartzeko deia
Bestalde, inguruko herriez gainera, eragile sozial eta sindikalei mobilizazioagaz bat egiteko eskatu diete. Gainerako herriak ere "elkartasunez mobilizatzera" animatu dituzte, hondakinen kudeaketak "denei" eragiten diela iritzita.
Informazio eske
Plataformako kideek azaldu dutenez, "erakundeek normaltasun eta egonkortasun irudia eman gura badute ere, ezin dugu jokatu ezer gertatu izan ez balitz lez". Langile bi desagertuta daudela gogoratu dute. Gaineratu dutenez, "eman dituzten azalpen teknikoak oso mugatuak dira eta herritarren kezka nagusiei ez zaie erantzun".