Mojo lan berezia da Grunwalden diskografian. Artistaren berbetan, disko honen atzean istorio "berezi" bat dago. Musikalki, bluesa eta psikodelia uztartzen ditu. Horrez gainera, diskoak luxuzko kolaborazioak biltzen ditu. Besteak beste, Joe Bonamassa, Kim Wilson, Kasey Chambers eta The Teskey Brothers artistek parte hartu dute grabazioan. Diskoaren grabazioan ez ezik, Ash Grunwald zuzenekoetan ere aritu da izen handiko artistekin; horrela, James Brown, The Black Keys eta Bo Diddley artistekin partekatu du oholtza.
Australiako komunikabide espezializatuen esanetan, Grunwalden kontzertuak oso "freskoak" dira, eta gitarristak "berezko trebezia" du publikoagaz konektatzeko.
Artista surflaria
Musikaria izateaz gainera, Grunwald surfzalea ere bada. Oraintsu, surflari musikariei buruzko liburu bat argitaratu du. Surf by day, jam by night da liburu hori, eta bertan musika eta surfa uztartzen dituzten hamabost lagun elkarrizketatzen ditu Grunwaldek. Besteak beste, Kelly Slater, Stephanie Gilmore, eta Jack Johnson.