Sindikatuen arabera, bi desagertutakoen bilaketa "ez da lehentasuna izaten ari Jaurlaritzarentzat eta Zaldibarren lanean ari diren langileen osasuna ere ez dago bermatuta sindikatuok astelehenean bertatik bertara ikusi genuen moduan", ohar batean azaldu dutenez. "Beste behin, ikusi dugu Jaurlaritza eta Urkullu ahaztu egin direla langileez", gehitu dute. Hori dela eta, mobilizazioekin jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, “Zaldibar argitu” lemapean egiten ari direnetan parte hartzeko deia eginez.
Gaineratu dute lanean hildakoen "odolusteak" ez duela etenik. "Bi hilabete ere ez dira pasatu urtea hasi zenetik eta honezkero 13 dira Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak, eta Zaldibarren desagertutakoak". Neurri "eraginkorrak" eskatu dizkiete administrazioei egoera honen aurrean.