“Museoak leku elitistatzat hartzen dira, eta apurtu egin behar da 'Ez dut artea ulertzen, beraz, ez noa' pentsaeragaz”

Aritz Maldonado 2020ko ots. 23a, 10:00

2016an zuzendari kargua hartu zuenetik, Garazi Arrizabalaga estilo propioa eman guran aritu da Durangoko Arte eta Historia Museoan. Urte biko lanen ondoren, Historia aretoa zabaldu dute aste honetan. Honela, San Agustinaldeko eraikina guztiz eraberrituta geratu da. Lehenengo egunetik, Durangaldeko erreferentziazko gune artistiko eta kulturala izateko pausoak ematen jarraitzen du museoak.

Hiru urte eta erdi daramatzazu zuzendari. Zein balantze egiten duzu?
Nire nahia, batez ere, jendeak museoa existitzen dela jakitea da. Eta modu bakarra dago hori lortzeko: jendearentzat ekintzak egitea. Bisita gidatuak, tailerrak eta abar egitea, esate baterako. Horrek asko lagundu digu museoa jendearengana hurbiltzeko. Horrelako ekitaldiak egitea garrantzitsua da bertako jendea ekartzeko. Umeak ekartzea ere oso garrantzitsua da, eta ez da horrelakorik egin orain artean.

Historiako areto hau berriztea ere oso garrantzitsua da. 1986an zabaldu zen, eta ordutik hona oso aldaketa txikiak egin dira bertan. Museologia ikasi eta gero, ikasitakoa ez dela aplikatzen ikusten duzu, eta begien bistakoa zen aldaketa bat beharrezkoa zela, museologikoki beste gauza bat behar zela. Museo bat egitea ez da objektuak ipintzea bakarrik. Museotik zerbait ikasita irten behar da, ez bakarrik zerbait ikusita. Horregatik, gela berri honetan objektuak eta informazioa daude.

Obrak ezagutzeaz gainera, ahalegin berezia egin duzu artistak herritarrei hurbiltzeko.
Artista asko etorri dira Durangora bere obra azaltzera, eta horrek beste gertutasun bat dakar. Askotan, museoak leku elitistatzat hartzen dira, edonor sartu ezin den lekutzat. 'Artea ulertzen ez dudanez, ez noa' pentsaera hori apurtu egin behar da, aurre egin behar zaio. Ulertzen ez baduzu ere, etorri. Beharbada ez da zertan ulertu, nahikoa da gozatzeagaz. Etorri, ikusi eta gozatu. Etorriz gero, artistari galdetzeko aukera izango duzu, ea zergatik egin duen horrela edo dena delakoa. Horrela jakiten dira gauzak.

Museoa elementu "bizia" dela diozu, eta herriko beste gune batzuetara ere zabaldu duzu, igerilekura esate baterako. 
Bai, eta gure asmoa are eta gehiago zabaltzea da. Esate baterako, Bizenta Mogel bibliotekagaz ekintzak egiten ditugu elkarlanean. Museoa elementu bizi bat izatea gura dugu; beste hainbat elkartegaz batera lan egitea litzateke onena, sare bat osatzea Durangon bertan.

ANBOTOko kolaborazioetariko batean idatzi zenuen museoa ez dela 13tik 25 urtera arteko gazteengana heltzen. Zelan konpondu daiteke hori?
Horixe da gatxena, eta ez da gure arazoa bakarrik, orokorragoa da. San Agustin kulturgunean eta bibliotekan ere halatsu gertatzen da. Denoi kostatzen zaigu adin tarte horretakoak erakartzea. Adibidez, kontzertu bat antolatzea interesgarria iruditzen zait gazte horiengana heltzeko. Horixe egin genuen Daliren inaugurazioan, eta inoiz baino gazte gehiago etorri ziren. Izan daiteke modu bat, gero beste norabaitera eramango gaituena. Dena dela, adi gaude, zer behar duten ikusteko.

Sona handiko artisten obrak ekarri dituzu Durangora. Zirkuitu batean ere sartu da museoa. Elkarlan hori gakoa da museoaren jardunerako?
Gatxa da denerik egitea, urtebeteko epea labur geratzen delako. Izen handiko artistak, hasiberriak, bertakoak, ibilbide luzekoak... Gatxa da denerik egitea, baina ahalegintzen gara. Urtean behin edo birritan, museoan horrelako erakusketak egitea gustatuko litzaidake. Ez bakarrik bertako jendea etortzeko, baizik eta kanpotik ere erakartzeko. Adibidez, Dürerren erakusketara Donostiako eta Tolosako jendea etorri zen. Hori da gura dudana, Durango erreferentziazko bilakatzea. Hori ezin dugu urte osoan zehar egin, baina urtean behin edo birritan bai. Eta urtean zehar bertako artistak, ez hain ezagunak... Ez da erraza, baina ahalegintzen gara.

Zeintzuk dituzue etorkizuneko erronkak?
Ikastetxeekin hartu-eman estuagoa edukitzea gura nuke, Durangokoekin zein Durangaldekoekin; haiek ere erreferentziazko museo lez ikustea gura dugu. Hirietan oso barneratuta dute museoak joan behar diren beste leku bat direla. Durangaldean ere horrela izatea gura nuke.

Bestalde, artistentzat ere erreferentziazkoa izatea gura nuke. Hein batean, lortu dugu hori, artistek oso gustuko dituzten ezaugarriak biltzen ditugu eta. Jende askok bidali dizkigu eskaerak, bertan eduki ditugun artistengatik eta lekua ere oso ondo dagoelako. Baina, esan dudan moduan, batez ere Durangoko jendeak ezagutzea gura dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!