Bestalde, eskualdetik kanpora kokatuta egon arren, beste hainbat hondakindegi Durangaldeko atarian daude. Gertuen dagoena Bistibietakoa da. Zornotzatik Galdakaorako bidean, N-634 errepidearen bazter batean dago. Lemoako lurretan dago, baina gertu ditu Zornotzako Kortederra industrialdea eta inguruko etxeak. Beste hondakindegi batzuk Igorreko Deydesa eta Larrabetzuko Cespa dira. Durangaldekoak izan ez arren, kilometro gutxitara dauden hondakindegiak dira edozelan ere.
Ez da kezka berria
Zaldibarkoa orain bolo-bolo dagoen arren, kezkak ez dira berriak. Urteetan atzera egingo bagenu, ikusiko genuke Durangaldeko herritarrek aspaldidanik agertu dutela hondakindegien gaineko kezka. Esaterako, 2013ko otsailean lur-jausi bat egon zen Larrinagatxutik Bitañorako inguruetan. Fumbarri enpresak betetze lanak egin zituen inguru hartako hondakindegi batean, 80ko eta 90eko hamarkadetan. Gerora, 2013an, lur-jausia etorri zen. Urte hartan, Durangoko Udaleko ordezkariek azaldu zuten 10.000 kubiko lur baino gehiago jausi zela. Luiziak erreka estali zuen eta, ondorioz, urak gainezka egin eta bidea apurtu zuen. Lur-jausiak arbola batzuk ere bota zituen.
Memorian gelditutako beste hondakindegi bat Iurretako Luku Txiki eta Lukupeko Troka inguruetakoa da. Gutxienez lur-jausi bat erregistratu zen 2013an. Goiuriko auzotarrek hondakindegiaren aurkako jarrera irmoa hartu zuten urte luzez. Bestalde, Zornotzako herritarrek Bistibietako hatsari buruzko kezka helarazi diote ANBOTOri asteon. Gaia udalera ere ailegatu da, hainbat bider. Eta noski, ez da ahaztu behar orain gutxira arte Berrizen ere bazegoela hondakindegi bat. 2008an zarratu eta 2012an zigilatu zuten Berrizburuko hondakindegia. Gai inerteak zeuden han.