Lur-jausia Zaldibarren

Durangairea: "Ingurumen eta osasun publikoa arriskuan jartzen dituen arazo larri baten aurrean gaude"

Durangairea 2020ko ots. 20a, 10:08

Gaur bi aste beteko dira Zaldibarko lur-jausia gertatu zela. Durangaireako kideek prentsa oharra bidali dute. 

Durangaireak bidalitako oharra: 

Zaldibarko zabortegiaren gertatu den ezbehar tamalgariari buruz, Durangairea, airearen kalitaterako plataformak hondamendi ekologiko honen erantzule diren administrazio publiko eta enpresak osasun publikoa eta ingurumena arrisku gorrian jartzen ari direlaren ustea dugu, beraz foro ezberdinetan igortzen ari diren erreklamazioekin bat egin nahi dugu.

Lehenik eta behin, zabortegiaren eraispenean lurperatutako Alberto eta Joaquin-en senideei gure doluminak bidali nahi dizkiegu. Benetan haserre jartzen gaitu prosezu guzti honetan jaso duten tratua egokiena izan ez dela jakiteak. Bestalde, krisi honetako gertaerak kezka handiz jarraitzen ari gara. Ingurumen eta osasun publikoa arriskuan jartzen dituen arazo larri baten aurrean gaude, beraz egin beharreko kudeaketa mota prebentzio eta zuhurtasuneko printzipioen arabera egin beharko litzateke : "hobe da prebentzioa sendatzea baino" eta zalantzak izan ezkero "zuhurtasun-printzipioa aplikatu". Zoritxarrez, gure ingurumen-politikak gidatu beharko lituzketen printzipio orokorrak ez dira beti praktikara eramaten behar luketen arduraz eta gertatutakoa horren ondorio argi bat da.

Egia da Urkullu lehendakariak asteartean Legebiltzarrean egindako agerraldian adierazi zuen bezala "egoera berria eta konplexutasun handikoa" dela, baina gure ustez saihestu egin zitekeen hasieratik zorroztasun eta arduraz kudeatu izan balitz. Ustekabeko istripua baino, praxi txar, legez kanpoko jokaerak eta kontrol akastuneko faktore-multzo baten ondorioa ematen du, bai Verter Recycling 2002 jabearen aldetik, bai haren jarduera lizitatu eta kontrolatzeaz arduratzen ziren administrazio publikoen aldetik. Ez da nahikoa jarduera-lizentzia izatea, ezta gabeziei buruzko txostenak idaztea (idazten badira); aitzitik, betebeharrak eta gabeziak hurrenez hurren betetzen eta zuzentzen direla bermatu behar da. Ingurumenaren babesaren eta osasunaren arloan ez da nahikoa gutxienekoak betetzea, bereziki kezkatsu eta zorrotz jokatu beharra dago. Inolako kudeaketa sistema edo eta onura ekonomiko ez luke ingurumenean eta osasunean dituen arrisku eta ondorioen gainetik egon behar, horrela izan ezkero ez baitu ezertarako balio iraunkortasunaz edo garapenaz hitz egiteak. Horregatik, udalei, aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari gure autonomia-erkidegoan dauden zabortegi eta tratamendu sistemak sakonki berrikus ditzatela ezkatzen diegu, irregulartasun posibleak sahiestu, zuzendu eta haien kutsadura-fokuen inpaktuak gutxitzeko asmoarekin.

Airearen kalitateari dagokionez, Zaldibarko zabortegiko suteetatik datozen dioxinen eta furanoen (oso toxikoak diren substantziak) kontzentrazio handiak ezagutu ondoren, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu substantzia horien neurketak egin ditzala gutxienez emisioen jatorrritik 20 km-tik biribilean, bai airean, bai uretan, bai laborantzan eta abeltzaintzan. Herritarren informaziorako eskubideari buruzko Ingurumenaren Euskal Legearen 3.2 artikuluak dioen bezala, transparentzia osoz eta etangabe informatuz. Horrez gainera, udalek ingurumena eta osasun publikoa babesteko protokolo zorrotzagoak eduki beharko lituzkelaren uste osoa dugu. Gure ustez, larritasun honetako egoera batean aurrean ez lirateke baliabide tekniko eta ekonomikoak urritu behar, herritarren lasaitasun eta osasunak ez bait dute preziorik. Etorkizunean Zaldibarren gertatu den bezalako ezbehar tamalgarria saihesteko, orain arte erabili direnak baino kudeaketa-politika eta prebentzio mekanismo eraginkorragoak har daitezela eskatzen dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!