Mugiment proiektua eta Kirol Txartela bultzatzeko topaketa antolatu du Amankomunazgoak

Aritz Maldonado 2020ko ots. 12a, 12:33

Mugiment kirol txartela 2020an iritsiko da Durangaldera. Helburua, sistema datorren hilabeteetan ezartzea da. 

Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko lehendakariak Amankomunazgoak jarduera fisikoa eta bizi ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko "apustu irmoa" azpimarratu du. "Erakundeetatik erraztasunak eman behar ditugu pertsona guztiek jarduera fisikoa egin ahal izateko eta modu horretan sedentarismoa murrizteko" Mugiment proiektuak eta kirol txartelak helburu horiek lortzeko tresnak direla nabarmendu du Elkoroiribek.

Gaur egun, kirol txartelak 2.790 erabiltzaile ditu Bizkaian. 2017an jaio zen ekimena, Bizkaiko bederatzi udalerritan. 2021ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri guztietan ezartzea aurreikusten da Amankomunazgoaren arabera. 

Topaketetan Abadiñoko, Atxondoko , Berrizko, Durangoko, Elorrioko, Iurretako, Mañariako eta Zaldibarko udalek parte hartu dute. 

EH Bildu "kezkatuta"

Alderdi subiranistak kezka agertu du Elkoroiriberen jardunarekin. "Amankomunazgoko presidentzia Durangoko Udalari oposizioa egiteko erabiltzen ari da eta hori ez da onargarria". Ohar bidez adierazitakoaren arabera, Amankomunazgoaren lana "errespetu instituzionalean" oinarritu behar da "herritarrei zerbitzu ahalik eta hoberena" emateko. "Ez da onargarria erakundeen arteko harremanak zapuztea interes alderdikoi eta pertsonalengatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!