Abadiñoko kiroldegiko langileek udaletxe atarira eraman dute protesta

Maialen Zuazubiskar 2020ko ots. 5a, 13:33

Bizkaiko kiroldegietako langileek beste greba aste bati hasiera eman zioten atzo. Tartean, Abadiñoko, Elorrioko, Berrizko eta Zornotzako kiroldegietako langileek. Greba gehien Abadiñon sumatu da, langileen gehiengoak egin baitu greba. 

Urtarril amaiera, patronalak langileei proposamen bat luzatu zien eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako langileek grebak bertan behera utzi zituzten. ELAk, berriz, ez zuen lan-hitzarmena berritzeko patronalak egindako proposamena balekotzat jo eta greban jarraitzen dute. Gaur, esaterako, Abadiñoko kiroldegiko langileek udaletxera eraman dute beraien protesta. 

Hauek dira ELAko langileen eskariak: 

1. Hitzarmenean 'inaplikazio' klausula ezartzea:
Klausula ezarri ezean, enpresek bidea zabalik izango dute hitzarmen kolektiboan adostutakoa ez aplikatzeko. Honen helburua, sindikatu eta patronalak hitzartutakoa, enpresek beteko dutela bermatzea da.

2. Berrikusketa klausula ezartzea: 
Egungo hitzarmenak enpresen arteko subrogazioa onartzen duen arren, kiroldegiko zerbitzua udalak bere egin gurako balu, langileek beraien lanpostua mantentzea eskatzen dute.

3. Oinarrizko soldata 1.200 eurokoa izatea:
Oinarrizko soldata 1.200 eurokoa izatea eskatzen dute eta 2020tik aurrera aplikatzen hasi dadila. Hau patronaleren eskaintzan ageri dela dio sindikatuak, baina 2020tik beharrean 2021etik aurrera ezartzea gura dutela.

4. Gaixoaldi-baja bat, plaza huts bat edo eszedentzia bat dagoenean, hutsune hori betetzeko lehentasuna plantillako langileei ematea.

5. Osasunerako eskubidea: 
Langileek ez dute ordaindutako ordurik medikuaren kontsultara joateko, eta hori "ezinbestekoa" dela dio ELAk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!