Mugherri jaio da, Durangaldeko herrigintzako esperientziak ezagutu eta aktibatzeko dinamika

Anboto 2020ko ots. 5a, 12:01

Durangaldeko ezker independentistaren eremu zabaleko kide ugarik Mugherri dinamika bultzatu dute. Eskualdeko esperientziak ezagutu, saretu eta aktibatzeko beharrizana ondorioztatuta sortu dute egitasmoa. Mugherrik herri mugimenduen garrantzia azpimarratu du. "Hamarkadetan zehar, Euskal Herriko mugimendu herritarra ezinbestekoa izan da herri lez ditugun erronkei heltzeko", esan dute. Gaineratu dutenez, “bizitzak eta lurrak suntsitzen ari den neoliberalismoaren aurrean, etorkizun aske eta antikapitalista baten alde" eragin gura du Mugherrik.

Dinamikaren sortzaileek jakinarazi dutenez, herrigintzan lanean dabiltzan eskualdeko hainbat lagun elkartzen hasi ziren orain hilabete batzuk, egungo erronkei erantzun kolektibo bat topatzeko.

Apirilaren 4an, ekitaldia
Azaldu dute “aniztasunetik” eta “parte-hartzetik” ikasten aritu eta gero, apirilaren 4an ereingo dutela “lehenengo hazia”. Horretarako, ekitaldi nagusi bat egingo dute Durangon. Oraingoz, ez dute aurkezpen eguneko egitarau osoa jakinarazi, baina aurreratu dute, besteak beste, solasaldiak eta eztabaidak egongo direla. “Lau ardatz nagusitan banatuko dira: jatorri eta kultura aniztasuna, hezkuntza, elikadura burujabetza eta herri partaidetza”. Durangaldean “pil-pilean” dauden gaiak direla azaldu du Mugherrik, eta “aktibista ugari” dabilela lanean, “bakoitza bere esparrutik” eragiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!