Kiroldegietako grebak indarrean ipini ditu berriro ELAk, patronalaren proposamena "hobetzeko tartea" dagoela iritzita

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 21a, 11:17
Duela hilabete egin zuten elkarretaratzea Abadiñoko kiroldegiko langileek.

ELAk ez du lan-hitzarmena berritzeko patronalak egindako proposamena balekotzat jo eta greba deialdiari eutsi dio. LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako langileak, berriz, proposamena aztertzen ari dira eta grebak bertan behera utzi dituzte behin-behinean. Ordu honetan, honela daude Durangaldeko kiroldegiak: Berrizen, ikastaro batzuk martxan daude; beste batzuk bertan behera. Elorrion gimnasioa zabalik dago;, igerilekua, zarratuta.  Zornotzako Larrea kiroldegian goizeko zerbitzua zabalik dago, baina zintzilik dago arratsaldekoa. Abadiñokoak zabalik ditu ateak, baina ez dago zerbitzu eta kirol-langilerik lanean

ELAko langileei ez zaie nahikoa iruditu patronalaren proposamena eta akordiorik ez sinatzea erabaki dute. Sindikatuaren iritziz, lan-hitzarmena berritzeko proposamenak ez ditu "sektorearentzat funtsezkoak diren aldarrikapen batzuk jasotzen" eta hobekuntzak egiteko tartea dago. Ondorioz, greba deialdiagaz aurrera jarraituko dute. Kaltetuak izan daitezkeen erabiltzaileei "elkartasunez" jokatzeko deia egin diete. 

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, aldiz, ez dute erabaki ea akordioa sinatuko duten ala errefusatuko duten. Langileak patronalaren proposamena aztertzen ari dira, eta erabaki bat hartu bitartean, lanuzteak bertan behera utzi dituzte. LAB sindikatuko iturriek ANBOTOri azaldu diotenez, "kiroldegiz kiroldegi" ari dira langileekin batera bozketak egiten.

ELAk du giltza

ELA sindikatuaren jarrera giltzarria da patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioetan. Kontuan hartu behar da balizko akordio batek izaera orokorra hartuko duela, baldin eta langileen erdiak baino gehiagok babesten badute patronalaren proposamena. ELAk, Bizkaiko kiroldegietako langileen %51 baino gehiago ordezkatzen ditu eta, horrenbestez, berak du negozioazioen pultsua markatzeko giltza. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa sinatu dezakete, baina langileen erdia ordezkatzera ailegatzen ez direnez, izaera mugatua edukiko luke akordioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!