Zuazubiskar laugarren eta Gorostiza seigarren pistako Espainiako txapelketan

Joseba Derteano 2020ko urt. 20a, 08:55
Ezkerretik hasita: Aroa Gorostiza, Markel Rodriguez, Illart Zuazubiskar, Ziortza Isasi eta Miren Mairu Uriarte.

Asteburuan Mallorkan jokatu den Espainiako Txapelketan eskualdeko bost txirrindulari egon dira: bi abadiñar eta hiru elorriar.

Zapatuan Espainiako Omnium txapelketa jokatu zen Mallorkan. Bertan, posturik onena Illart Zuazubiskarrek lortu zuen. Abadiñarra laugarren izan zen.  “Gauzak gura moduan irten ez arren, gustora nago zapatuko laugarren postuagaz”, esan du Zuazubiskarrek. Markel Rodriguez herrikideak ez zuen lortu proban sailkatzea.
 
Emakumeetan, Aroa Gorostiza elorriarra seigarren geratu zen eta Ziortza Isasi elorriarra hamargarren. “Nire helburua taldekideei laguntzea zen, eta egindako lanagaz oso pozik nago, Usabiaga ahizpek lehenengo eta bigarren postuak lortu zituztelako”, adierazi du Isasik.  Gazte mailan, berriz, Miren Mairu Uriarte elorriarra 21. postuan sailkatu zen.
 
Zuazubiskar Munduko Kopara
Abadiñarrak Mallorkatik Kanadara bidaiatu du. Datorren asteburuan Kanadan jokatuko den Munduko Kopan parte hartuko du Zuazubiskarrek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!