"Iurretako bidesaria negozio biribila da Bizkaiko Foru Aldundiarentzako"

Aritz Maldonado 2020ko urt. 17a, 13:32

"Peajea lapurreta bat da" lelopean manifestazioa antolatu du Ap-8 Peajerik ez! elkarteak datorren zapaturako; mobilizazioa Ezkurditik irtengo da, 18:00etan, eta Iurretako bidesarian amaituko da.

Juan Carlos Poderoso plataformako kideak gogor kritikatu du Bizkaiko Foru Aldundiak Ap-8ko autopistako bidesaria mantentzea, eta honekiko azken urteetan egin duen kudeaketa. "Durangaldeko, Lea-Artibaiko eta Ermuako bizilagunok diskriminaturik gaude. EAJk urte hauetan eginiko inbertsio negargarriak egin ditu, Supersurrarekin edota Artxandako tunelekin ikusi den bezala, eta guzti horiek gu gabiltza ordaintzen. Azken finean, 2003an amortizatu zen Ap-8aren ordainketa". Hori dela eta, herritarrak protestan parte hartzera gonbidatu ditu. "Aski dela oihukatu behar diegu hirugarren mailako bizkaitartzat hartzen gaituztenei". Azken sasoian  Ap-1, Ap-4 eta Ap-7 errepideetako bidesariak kendu dituztela gogoratu du bide batez Poderosok prentsaurrekoan. "Gobernu berriak aldatzeko borondatea duela erakutsi du, baina EAJk negozioa mantentzea gura du" azaldu du. 

Hain zuzen ere, urtarrilean lau urte bete ditu plataformak, eta ibilbidearen balantzea egiteko aprobetxatu du aukera Poderosok. "Lau urte hauetan, batzuetan asmatu dugu, eta besteetan ez, baina orokorrean pozik gaude egindako bidearekin". Besteak beste, plataformak deitu zuen lehenengo protesta ekarri du gogora bozeramaileak. "300 auto baino gehiago batu ginen protesta horretan, jarrera hori berreskuratu behar dugu". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!