Ongizatea, garapen iraunkorra eta komunikazio plana dira Amankomunazgoko aurrekontuen “helburu nagusiak”

Anboto 2020ko urt. 16a, 19:20

Amankomunazgoak 6.694.654 euroko aurrekontua izango du 2020ko jardunerako, iaz baino %2,97 gehiago. Gaur onartu dira EAJren eta Abadiñoko Independenteen botoekin. Aurka egin dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Iritzi kontrajarriak agertu dituzte komunikazio planari, garapen iraunkorrarerako planari eta Larrialdietarako Laguntza Sozialei buruz

Gaur onartu dituzte 2020ko Amankomunazgoko aurrekontuak gobernu taldea osatzen duten ordezkarien babesagaz. “Herritarrenganako zerbitzuetan sakontzen duten aurrekontuak dira, ongizatea helburu dutenak, kudeaketa garden bat helburu dutenak eta aukera berriak zabaltzen dituztenak” azaldu du Josune Escota zinegotzi durangarrak. 

Aurreikusitako neurrien artean daude “adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua martxan ipintzea”, “zaintzaileentzako Zainduz programa bultzatzea”, “prestakuntza eta enplegu foroa sortzea”, garapen iraunkorrari lotutako “plan estrategiko” bat sortzea eta komunikazio plan bat diseinatzea. Amankomunazgoko iturriek adierazi dutenez, diru-kopuru osoaren “%57,67 herritarrentzako zerbitzuetara” bideratuko da.

Komunikazioa eta larrialdi laguntzak

Oposizioko bi taldeek aurrekontuen aurka egin dute. EH Bilduren iritziz hiru dira desadostasunerako puntu nagusiak: Presidentearen soldataren igoera, plan estrategikoa garatzeko modua eta komunikazio plana. Aitor Lopez bozeramailearen esanetan, komunikazio plana “gobernuaren eta presidentearen irudia sustatzera” bideratuko da “zerbitzuak sustatu beharrean”. Komunikazio planerako diru-partidei dagokienez, bi aldeak ez daude ados. Aurreko legegintzaldian komunikaziora bideratutako kopurua “bikoiztu” egingo dela uste du koalizioak eta kopuruak aparteko aldaketarik ez duela diote jeltzaleek.

Neskutz Rodriguez Herriaren Eskubidea taldeko kideak ere ez ditu aurrekontuak babestu. Haren esanetan, Larrialdietarako Laguntza Sozialak gutxitzen dira aurrekontuetan, “gutxi batzuen mesedetan”.

Mireia Elkoroiribe presidentearen arabera, “pozgarria” da aurrekontuen onarpena, horrek, “bizilagunen ongizatean, iraunkortasunean eta gardentasunean aurrera egitea” ahalbidetuko duelako.

Minutu bateko isilunea

Osoko bilkura hasi aurretik minutu bateko isilunea egin dute ordezkariek, pasa den astean Durangoko banketxe batean hildako laguna gogora ekartzeko. Gertakari “ikaragarria eta tamalgarria” izan dela esan du Elkoroiribek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!