Amankomunazgoko aurrekontuei ezezkoa emango die EH Bilduk, "benetako erronkak" lehenesten ez direla iritzita

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 14a, 12:29

Oro har, aurrekontu proposamenak islatzen dituen hiru neurri hartu ditu EH Bilduk ezezkoa emateko oinarri modura: plan estrategikoaren, komunikazio planaren eta presidentearen soldataren igoeraren aurka azaldu dira.

EAJk eta Abadiñoko Independenteek aurkeztutako aurrekontu proposamenari ezezkoa emango diela aurreratu du EH Bilduk. Koalizio abertzaleak "hiru emendakin" aurkeztu zituen, baina "EAJk eta AIk osatzen duten gobernu taldeak ez zituen onartu". 

Plan estrategikoa eta komunikazio plana

Koalizioaren arabera, gobernu taldeak ez du plan estrategiko baten beharrik. "Plan estrategikoaren beharra EAJrena da, ez Amankomunazgoarena. Prest gaude Amankomunazgoaren erronka estrategikoez berba egiteko, EH Bildun argi dugu erronka horiek zeintzuk diren, baina ez dugu uste horretarako 40.000 euro gastatu behar direnik", azaldu du EH Bilduk ohar batean. 

Komunikazio planari dagokionez, argudiatu dute "legegintzaldia hasi denetik presidentea etengabeko marketing kanpaina bat egiten ari dela", eta "zerbitzuen berri" eman beharrean, "bere burua bultzatzen" ari dela. "Komunikazio plana bide beretik" joango dela aurreikusten du EH Bilduk.

Udalen kuotak

Amankomunazgoaren parte diren udalerriek egiturari ordaintzen dioten kuota "%6,5" garestituko dela esan du EH Bilduk. Erabakia "larria" dela iritzi dio. "EAJ Amankonazgoan egotea garesti irteten zaie gure udalei eta herritarrei", azaldu dute.

Lehenetsi beharreko proiektu modura, "gizarte zerbitzuak indartzea gizarte zerbitzuen kartera garatzea eta hondakin organikoen bilketa osoa sustatzea" proposatu du EH Bilduk. Gobernu taldeak "benetako erronkak lehenesten baditu, EH Bildu bidelagun" izango duela dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!