Kartzelan euskara ikasteko eskubidea bermatu dadin bideak zabalduz

Anboto 2020ko urt. 11a, 09:35

Kartzelan dauden euskal presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuagaz, HABEk ikasle ofizial moduan onartu ditzan lan egiten ari da euskara irakasle sarea bat. Momentu honetan, 49 euskal preso daude euskara ikasten eta horietako sei dira Durangaldekoak. 

Zazpi irakaslek egindako lanari esker iaz zortzi presok gainditu zuten EGA azterketa. Aurten irakasleen sarea handitu egin da, 49 irakasle dira, eta euskal presoak HABEko ikasle ofizial izatea dute helburu. Ikasketa prozesuan hainbat traba izan ondoren gainditu zuten azterketa joan zen ikasturtean,  irakasle sare horretan dagoen Arkaitz Zarragak azaldu duen moduan.

Durangon bizi den irakasleak azaldu duenez, "baldintza oso txarretan eman behar ditugu eskolak eta materiala helarazteko oztopoak izaten ditugu. Presoen bisiten zerrendatik bat hartu behar dugu irakasleok. Lagun moduan sartu behar gara kartzelan, eta senideek bisita egiteko aukera galtzen dute. Eskola bereziak dira, paper eta boligrafo gabe, eta kristala tartean". Gaineratu du kartzela bakoitzak bere arauak dituela. Zarrragarekin batera Durangaldeko beste bost irakasle ere ari dira lanean irakasle sare horretan, Amaia Sarrionandia, Esther Garitaonandia, Miren Iturriagaetxebarria, Igor Landaluze eta Alaitz Etxebarria.

Egoera horri aurre egiteko, eta EGA desagertuko zela ikusita, hasi ziren euskara irakasleak euskal presoak HABEko ikasle ofizialak izatea lortzeko lanean. HABEko ikasle ofizialak izanez gero  eskolak emateko moduak aldatuko liratekeela nabarmendu du Zarragak: "Ikasketa-prozesu egokiagoa izatea lortuko litzateke, materiala sartzea erraztuko litzateke, ikasleek gelan geratzea lukete ikasteko...", argitu duenez. Gainera, HABEk maila gehiago egiaztatzeko aukera ematen du eta "hizkuntza gaitasuna hobetzeko aukera dute presoek", dio Zarragak. Gogoratu duenez, "hurruntze politikaren beste ondorio bat da hizkuntza eskubidearen urraketa".

HABErekin harremanetan jarri zirenean, irakasleok HABEn izena emateko aukera eta HABEko azterketak egiteko aukera zutela jakinarazi zieten euskal presoei. "49 animatu ziren", Zarragak azaldu duen moduan. HABEko ordezkariekin batzartu izan dira eta Gasteizko Legebiltzarraren babesa ere jaso dute. Hala ere, oraindik ez dute lortu jarritako helburua betetzea. HABEko ordezkariak Espetxeetako Idazkaritza Nagusiko ordezkariekin hartu-emanetan daude Zarragak azaldu duenez, eta laster berriaren bat ematen dien zain daude irakasleak. "Euskal instituzioei dagokie hizkuntza eskubidea bermatzea eta borondatea ikusi arren, pausoak eman behar dira", gogoratu du Durangoko irakasleak. Gaur, Bilbon izango direla esan du.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!