Premia berrietara egokitutako Adikzioen Prebentziorako IV. Plana aurkeztu du Durangaldeko Amankomunazgoak

Anboto 2020ko urt. 8a, 16:03
MIreia Elkoroiribe Durangaldeko Amankomunazgoko presidentea (erdian) eta Adikzioen Prebentziorako Planaren arduradunak, Amaia Sarrionandia eta VIcente Fernandez

Adikzioen prebentzioari modu integral eta multidisziplinarrean heltzea aurreikusten duen Adikzioen Prebentziorako IV. Tokiko Plana aurkeztu dute, gaur, Durangaldeko Amankomunazgoan. Mireia Elkoroiribe amankomunazgoko presidenteak azaldu duenez, "plan malgua eta dinamikoa da eta beharrizan berrietara egokitzen joango da". 2023ra bitartean egongo da indarrean eta Familientzako Eskolari eman gura diote bultzada. 

Pertsona ardatz duen plangintza integrala da Adikzioen Prebentziorako IV. Tokiko Plana, eta hainbat disziplina hartu dira kontutan, horretan lanean aritu den Amaia Sarrionandiak azaldu duenez. Osasun eta gizarte zerbitzuekin, administrazioagaz, eskolekin, guraso elkarteekin... lan egin dute agiria osatzeko. Gaineratu du baita sexuaren eta generoaren ikuspegia oso barneratuta dagoela. 

Hiru lan esparru

Plana garatzeko hiru jarduera esparru zehaztu dituzte: eskola, familia eta komunitatea. Bakoitzean hainbat lan ildo garatuko dituzte. Hartara, bai Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan bai eskualdeko DBHko ikastetxeetan, adingabekoen osasunerako hezkuntza-proiektuak garatuko dituzte; balioetan oinarritutako hezkuntza, emozioei buruzko programak eta hezkuntza afektibo sexuala landuko dituzte, besteak beste. Tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa prebenitzeko proiektuak landuko dituzte ikastetxeetan, eta droga-kontsumoaren ondoriozko arrisku kolektiboetan ere bai. Teknologien erabilera egokiari eta ludopatiaren prebentzioari buruzko proiektuak ere garatuko dituzte.

Familien Eskolekin jarraituko dute, eta droga-mendekotasunen prebentzioari, hezkuntza afektibo-sexualari, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanei, eta teknologia berriei buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte. Komunitateagaz lotutako jardueren barruan sartzen dira, bestalde, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna eta substantzia kaltegarrien erabilerari eta abusuari buruzko informazio eta sentsibilizazio proiektuak, esaterako. Tabakoa uzteko edota psikofarmakoak  murrizteko ikastaroak ere antolatuko dira.

Drogomenepekotasunen prebentziorako lehenengo plana 1997an egin zuten, 2008ra arte luzatu zena. Ondoren, 2014an, Adikzioen Prebentziorako I, Plana osatu zuten. Orduan, hasi ziren lantzen ludopatia eta teknologien erabilera ere bai. Gaur aurkeztu duten plangintza urte horietan egindako lanaren jarraipena dela nabarmendu du Elkoroiribek. "Lan handia egin da eta zenbait substantzien kontsumoa jaitsi da. Baina, lanean jarraitu beharra dago premia berriei erantzuteko".

Datuak

2008tik 2016ra bitarteko drogen ohiko kontsumoaren bilakaera ere azaldu dute. 2008an, 2012an eta 2016an egindako azterlanen konparazioaren arabera, kontsumoak behera egin du. 2016an, tabakoa probatu zutenen eta ohikotasunez kontsumitzen zutenen ehunekoek behera egin zuten, prebentzio planean lan egin duen VIcente Fernandezen arabera. Era berean, tabakoa probatzeko adina atzeratu zen: 2008an eta 2012an, 13 urterekin probatzen zen, 2016an, 15 urterekin. Berdintsu gertatu da alkoholarekin. Bestalde, kalamua noizbait probatu dutenen ehuneko handi batek (% 29) droga hori ohikotasunez kontsumitzen jarraitzen duela (% 36) azaldu dute. Hala ere, kalamua probatu dutenen %30ek ez du kontsumoarekin jarraitzen, gaineratu dutenez.

Eusko Jaurlaritzaren Adikzioen VII. Plana eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea hartu dute kontutan Adikzioen Prebentziorako IV. Plana egiteko.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!