Berrizko belodromoko pista toldo batekin estali dute Bizkaiko Sari Nagusia berriro atzeratu behar ez izateko

Aurten, eguraldi txarra medio, dagoeneko birritan atzeratu behar izan dute Espainiako Ligarako puntuagarria den Bizkaiko Sari Nagusia. Azaroaren 1ean ziren proba egitekoak, eta ondoren azaroaren 24an. Baina, eguraldiak ez zuen lagundu eta Berrizko belodromoa estali gabe dagoenez, zorua busti edo umel dagoenean pistara irtetzea ezinezkoa izaten da. Beraz, birritan bertan behera utzi behar izan dute proba.

Zapatu honetarako jarri dute, hirugarrenez, hitzordua. Arratsaldeko 14:00etatik aurrera Euskal Herriko eta Espainiako hainbat txirrindulari hartuko dituzte bertan. Parte hartze hori bermatzeko eta zapatuan txirrindulariak eskualdeko belodromoan aritzeko antolatzaileek Berrizko belodromoko pista toldo batekin estali dute. 

Urteetako eskaria
Berrizko belodromoa txirrindulari eskola bat da, eta bertatik hainbat eta hainbat txirrindulari profesional irten dira. Egun esaterako, goi mailan lehiatzen ari diren Eustrak-Euskadi taldeko txirrindulariak bertan entrenatzen dute, eguraldiak uzten dienean. 

Bizkaiako Txirrindularitza Federazioak urteak daramatza belodromoa estaltzeko eskatzen, eta aurten, esaterako sinadura bilketa bat ere egin dute belodromoa estaltzeko eskatzeko. Ildo horretatik , Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak 2020an belodromoa estaltzeko proiektua idatziko dutela jakitera eman zuen abenduaren 20ean emandako prentsaurrekoan. 

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.