Espainiar estatuko hainbat bidesari kentzekoak direla eta, Durangaldekoak zergatik kentzen ez diren galdetu du “Peajerik Ez!” plataformak

Anboto 2019ko abe. 30a, 15:51

Espainiar estatuko AP-4 (Sevilla-Cadiz) tartea eta Herrialde Katalanetako AP-7 (Alacant-Tarragona) tartea bihartik aurrera debaldekoak izango direnez, Durangaldeko bidesariak euregaz batera zergatik kentzen ez diren galdetu du AP-8 Peajerik ez! plataformak. EAJ zuzenean seinalatu eta kritika egin dio Juan Carlos Poderoso bozeramaileak: “Dirua egitea lehenesten du herritarron bide-segurtasuna eta gidatze efizienteagoa lehenetsi beharrean”

AP-8 Peajerik ez! plataformako kideak haserre daude AP-8ak ordainpekoa izaten segituko duelako, espainiar estatuko eta Herrialde Katalanetako beste hainbat autobidek ordainpekoak izateari utziko dioten bitartean.  “Pozten gara espainiar estatuko bizilagunengatik. Zerbait historikoa da” azaldu du Juan Carlos Poderoso bozeramaileak, baina Durangaldean halako neurri berdintsurik ez hartzeak penatzen du: “AP-8 autopista eraiki zenetik 47 urte pasa dira, eta garai berekoak dira bihartik aurrera odainpekoak izateari utziko dioten AP-4a eta AP-7a”.

Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta EAJren politikak jomugan ipini ditu Poderosok. “Guk ez dugu ordainsari bako autobiderik izango, EAJk dirua egiteko duen jarrera dagoelako honen guztiaren atzean.  Dirua egitea lehenesten du bide segurtasuna eta gidatze efizienteagoa lehentsi beharrean. Durangaldetik Bilborakoa da hiriburura sartzeko dagoen ordainpeko autopista bakarra”, esan du Poderosok. “Diru asko mugitzen du Iurretako ordainsariak. Horregaz estaltzen dituzte Supersur bezalako zuloak” kritikatu du.

Iurretako bidesaria kentzeak, N-634 errepideko trafikoa arintzen lagunduko lukeela uste dute plataformako kideek. Zornotzako San Antonio auzoko bizilagunen egoera ere salatu du Poderosok: “egoera jasangaitza dute”

Ordainsariak gora 2020an

Ibilgailu arinen tarifa (autoena, esaterako) 5 zentimo garestituko da Ermua-Galdakao bitartean, 2020a hastearekin batera. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!