Pintxo-potea eguenetik astelehenera aldatzeko sinadurak biltzen ari dira Durangaldean

Anboto 2019ko abe. 28a, 10:43

“Onartu dezagun: gogorrak dira astelehenak. Oso gogorrak. Pintxo-potea bezalako egitasmo herrikoiak eguenetan barik, astelehenetan egin beharko lirateke. Modu horretan, herritarrok, irribarrez hasiko genuke astea, pozez kantari”, adierazi dute manifestuaren sinatzaileek ohar batean.

Durangaldeko tabernarien elkarteak eskaria “aztertu, aztertuko duela” esan du, baina aurreratu du zaila izango dela pintxo-potearen eguna aldatzea.

Erreakzioak

  • Plateruenak oraingoz ez du baloraziorik egin, baina eskaria aztertuko dute han ere.
  • Durangoko Rugby tabernak azaldu du “berdin” diola pintxo-potea eguenetan zein astelehenetan egin. “Kontua ez da hainbeste egun bat ala bestea aukeratzea. Kontua da rugby jokalariak garen heinean, ‘hirugarren denbora’  egiteko egunak beharrezkoak ditugula, berdin astelehenetan, eguenetan zein asteburutan. Erabakitzen dena erabakitzen dela, hor egongo gara gu ere. Kontua elkarrekin ‘piña’ egitea da. Beno, ez. Elkarrekin ‘melé’ bat egitea da kontua”
  • Goienkaleko Anttonio’s tabernako kideek ere eskaria aztertuko dutela aurreratu dute. “Eskaria ez dugu txarto ikusten, baina egia da pintxo-potea astelehenean egiteak gure eskaintza aldatzera behartuko gintuzkeela. Ohiko ‘oilasko finger’ eta ‘Jalapeño’ piperren ordez, beste zerbait eskaini beharko dugu. Beharbada, ‘barazkiz barrubetetako brick gainerrea’.

Manifestuaren sinatzaileak

Pintxo-potea egunez aldatzeko sinatzaileen artean daude besteak beste, Berbaro elkartea, Unai Iturriaga, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Igor Elorza bertsolariak, Berrizko Iremiñe, Otxandioko Urduri, Traña-Matienako Iluntze, Abadiñoko Talde batuak eta Zornotzako Udabarri dantza taldeak, Elorrioko Buzkantza, Zaldibarko Dominika Talde Feminista, Jone Guenetxea Anbotoko zuzendaria, Garaiko Trumoitte, Berton Bertokoa, Izaro musikaria, Mañariko Hontza museoa, Izurtzako jaietako maskota (basurdea), Atxondoko Anboto kilometro bertikaleko antolatzaileak, Mari Domingi eta Olentzero.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!